Gazteentzako sormen idazketa tailerrak antolatu dituzte Irunen, Itziar Sistiagaren eskutik

Aimar Lopez 2024ko aza. 12a, 10:57

16 eta 25 urte arteko herritarrak dituzte xede, sormena astinduz emozioak ere lantze aldera. Sistiaga irundarrak emanen ditu urririk izanen diren hiru saioak, izena emateko epea gaur ixten delarik.

“Gaztelekuko erabiltzaile batek idazketa tailer bat eskatu zigunean harriduraz hartu genuen”: halaxe azaldu du Iker Hernandez Irungo Udalaren Konekta zerbitzuko animatzaileak ekimenaren sorrera. Orotariko jarduerak antolatzen ditu zerbitzuak urte osoan zehar, baina orain arte literatura eta idazketa gutti azaldu dela aitortu du Hernandezek.

Orain baina, hiru eguneko kurtsoa antolatu dute, eskaera ikusirik. Itziar Sistiaga idazle irundarrarengana jo dute, naturaltasunez: bertakoa izateaz gain hamar urte baina gehiagoko eskarmentua du idazketa eta sormen tailerretan. Ohikoan adin mugarik gabeko tailerrak ematera ohitua denak gogoz hartu du 16 eta 25 urte arteko gazteekin aritzeko erronka, eta “ariketa pila” prest dituela gehitu.

Bi orduko hiru saio izanen dira, Sistiagak azaldu duenez jolasen bidez hasiko dituelarik. Ondotik, saio guzietan emozioak izanen dira ardatz, “idaztearen bidez kudeaketa emozional” egokiagoa egiteko baliabideak ematea baitu helburu, “nerabezaroa bezalako garai konplexuetan”.

Dohainik izanen dira saioak, eta gaur, hilaren 12an da izena emateko epemuga. Irungo Udalaren webgunean dira zuzenbide guztiak. Azaroaren 16an, 22an eta 23an izanen dira kurtsoak, Martindozenea Gaztelekuan, eta Iker Hernandezek aitzinatu duenez leku gutti bertzerik ez dira gelditzen.

Arrakastarekin kontent, gazteen artean irakurzaletasuna sustatzean ekarpena eginen dutela espero dute Hernandez eta Sistiagak. Izan ere, animatzaileak azaldu duenez, ez da batere ohikoa Gaztelekuetako eta bertze zerbitzuetako erabiltzaileek literaturari buruzko galdera eta aholku eskaerak egitea, ezta idaztea ere ez.

Idazlearen ustez, egungo gizartean “denbora falta” da idazteko ohitura ezaren arrazoietako bat. Hortaz gain, berehalako mezularitzaren ondorioz idazteko moduak sinpleago bilakatu direla iritzi du, eta gazteekin kurtsoak egitean hiztegi murritza dutela somatzen du. Horri aurre egiteko, eta guztiok sormena dugula konbentzimendu harturik, tresnak emanen dizkie hiru saioetako parte hartzaileei.