Emakume Futbolarien Nazioarteko I. Kongresua ospatuko dute heldu den astean Ficoban

Paola Oskoz 2024ko aza. 14a, 11:26

Azaroaren 21ean eta 22an, Emakume Futbolarien Nazioarteko I. Kongresua ospatuko da Ficoban. Goizane Alvarez Gipuzkoako kirol diputatuak aipatu duenez, hitzordu honen helburu nagusiak datuak eta ikuspuntu desberdinak biltzea eta eztabaidatzeko leku seguru bat sortzea izanen dira.

Azaroaren 21ean eta 22an Emakume Futbolarien Nazioarteko I. Kongresua ospatuko dute Irungo Ficoban. Bi egunez kirolaren munduko eta, bereziki, futbolaren munduan lan egiten duten profesional eta adituekin solasaldiak eta mahai-inguruak antolatuko dira, gai desberdinen inguruan eztabaidatzeko eta emakumeei, kirolean eta gizartean, bide berriak irekitzeko. 

Itxuraz emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean gauden momentu honetan, oraindik ere arrakalak mantentzen direla argi dago eta hori izanen da Ficoban, azaroaren 21ean eta 22an, ospatuko den Emakume Futbolarien Nazioarteko I. Kongresua antolatzearen arrazoietako bat. Goizane Alvarez Gipuzkoako kirol diputatuaren hitzetan, “arrakalak orandik mantentzen dira, kirolean eta gizartean, eta horiek aztertu eta bide berriak ireki behar ditugu”. Hori egiteko, bi egunez, “datuak eta ikuspuntu desberdinak bildu eta eztabaidatu ahal izango da, esperientzia ezberdinak bilduz”. 

Futbola hartu dute gai nagusitzat, emakumeetan ere kirol erregina delako. Hala ere, kirol guztietan eragin nahi dute kongresu honetan bildutako ideiekin, baita gizartean ere. Alvarezek dioen bezala, “azken boladan, futbolean batik bat, goi mailako emakumeek laudorio asko jasotzen dituzte eta poztekoa da, baina askotan ikusi izan dugu halako konplazentzia puntu bat ere. Ematen du ikusgarritasuna dutela eta berdintasunera iritsi garela, baina hori ez da egia. Oraindik ere gauza asko gelditzen dira konpontzeko, batez ere estigmatizazioan eta emozioan. Atzean utzi behar ditugu sinesmen pila bat eta ez soilik futbolean, hori islada bat da bakarrik. Gai bagara hau futbolean konpontzeko, beste kiroletan ere lortuko dugu, baita gizartean ere”.

Kongresuan zehar, ezberdintasunetik landuko dituzte gai guztiak. Kirol diputatuak erran bezala, “ez ditugu aukera eta baliabide berdinak eta horregatik gara ezberdinak. Honaino nola ailegatu garen aztertu behar dugu, bortizkeriaren eta botere harremanen inguruan hitz egin”.  Honen guztiaren inguruan eztabaidatzeko, Alvarezek leku seguruak sortu behar direla dio, askatasunez hitz egiteko: “Leku seguruetan ikusarazi behar dugu arazoa eta honen inguruan eztabaidatu. Klubak eta gizartea leku seguruak bilakatu behar ditugu. Askatasunez hitz egin behar dugu eta askatasunez aritu. Hori da beste erronketako bat”. 

Gai anitzak eta ezberdinak landuko dira bi egunez Ficobako kongresuan: emakumeen futbolaren historia eta eboluzioa, lesioak, talde teknikoak eta epaileak, entrenamenduak, osasun mentala, erronka eta aukerak, botere harremanak eta genero indarkeria eta kirolaren lagatzea. Gai horiek guztiak genero ikuspegitik landuko dira, Alvarezek argitu bezala, hori egin ezean, arrakalak sortzen direlako: “Talde askok ez dute kontuan hartzen gure gorputza ezberdina dela eta lesio arriskua ere desberdina dela gizonen futbolarekin alderatuta. Lesioak berdin tratazen ditugu eta horrek arrakala sortzen du. Berdintasunerantz joateko gure programa nola egokitu izango da gakoa. Ikuspuntu desberdinak jasoko ditugu, programa desberdinak egiteko”. 

Bi egunetako programa osoa Ficobaren webgunean dago ikusgai (https://congresoff.ficoba.org/eu/) eta solasaldietan parte hartzeko izen-ematea ere bertan aurki daiteke.