Txingudi Ekoetxeak Plaiaundiko Parke Ekologikoaren garbiketan parte hartzeko deia luzatu du, Ekopatruilak Irun eta Recicla-Birziklatu elkarteekin lankidetzan. Hondakinak Murrizteko Europako Astearen baitan eta "Let's Clean Up Euskadi!" ekimenarekin bat eginez, azaroaren 16an 10:00etatik 13:00era auzolanean arituko dira. Hazi eta Elika Fundazioak egindako ikerketaren emaitzen arabera Euskal Autonomia Erkidegoan pertsona bakoitzak 111 kilo elikagai xahutzen ditu batez bestean. Eta gizakiok sortzen dugun hondakinen bilketarekin, kontsumoari buruz hausnarketa bultzatu nahi dute.
Irungo erdigunetik minutu gutxira dagoen naturgunea da Plaiaundiko hezegunea, eta Txingudiko paduren ezinbesteko kokalekua izanik, dibertsitate biologikoagatik ez ezik, klima aldaketa arintzeko CO2 hustubide garrantzitsu bat dela nabarmentzen dute Ekoetxeko arduradunek. Gainera, naturaz gozatzeko leku ezinhobea da, eta Europako hegazti migratzaileen bigarren atseden gune garrantzitsuena da. Hala ere, Eva Montoya, Ekoetxeko koordinatzaileak aitortzen digunez, «tamalez, hirigunetik oso hurbil dago, eta oraindik ere bisitari askok hondakinak jaurtitzen dituzte bertan».
Bestalde, igandean, “Elikagaiak xahutzea gustu txarrekoa da” izeneko zirkitua antolatu du Ekoetxeak elikagaien xahutzeak ingurumenean daukan eraginari buruz hausnartzera bultzatzeko. Familiei zuzenduta, txoko interaktiboen zirkuitua antolatu dute, eta izena eman beharra dago 4 eurotan www.ekoetxea.eus atarian.