2006an Irungo Aiako Harria Natur Parkeko Lapurriturriko informazio puntua Behemendi elkartearen laguntzarekin zabaldu zutenetik, aurtengoa izan da bisitari kopuru aldetik apalenetakoa. COVID pandemiaz geroztik mendizaletasuna berpiztu bada ere, eta Udalak Irun Berdea turismo jasangarria bultzatzeko ahaleginak egin dituen arren, Lapurriturriko informazio etxolak ez ditu pandemia aurreko zifrak berreskuratu. Izan ere, 2011n milako bisitarien langa aurreneko aldiz gainditu ondoren, urtez-urte emaitzak hobetzen joan den 2019an 1.625 bisitarirekin marka guztiak apurtu zituen arte. Erlaitz mendian dagoen informazio puntuak urte hartan egin zuen marka historikoa. Baina joan den ekainaren 9an ateak zabaldu eta urrian amaitu berri den 2024ko kanpainan 331 lagun besterik ez dituzte jaso, Aiako Harria natur parkean egin daitezkeen ibilbide desberdinei buruzko informazio eske.
Udako sasoian 54 egunez irekia egon da guztira, eta informazio orokorra eskaintzeaz gain, 2010az geroztik bertatik antolatutzen dituzten irteera eta natur parkearen ondare natural, historiko eta geologikoak ezagutzeko buruzko bost jarduera tematikoetan, aldiz, beste ehundik gora lagunek parte hartu dutela nabarmendu du Borja Olazabal Garapen Jasangarrirako udal ordezkariak. Bostetan plaza guztiak agortu egin dituztelarik. Zehazki, mineralei eta fosilei buruzko tailerrak eman ziren, irteerak egin ziren Lapurriturri inguruko polinizatzaileak eta zuhaitzak ezagutzeko, baita perretxiko eta onddoen berri jakiteko ere, udazkenaren atarian antolatutako mikologiari buruzkoan.
Irungo azaleraren %72a berdegunea dela oroitarazi du Olazabalek, eta ondare naturalaz gozatzeko deia luzatu die bidasotarrei, Aiako Harria natur parkea bisitariak erakartzeko erreklamu den harribitxia delako.
Neguan Lapurriturriko informazio puntua itxita egongo da, baina etxolan bertan kokatutako mapan QR kode batzuk jarri dituzte berritasun gisa. Haren bidez, bisitariak askoz mapa xehatuago bat eskuratzen ahalko du, urte osoan zehar esperientzia hobetzeko aukera eskaintzen diona.