Abenduaren 4an hasiko dira gabonak Irunen merkataritza txikia suspertu nahian

Koldo Nausia 2024ko aza. 18a, 10:40

Kaleko argi eta apaingarri gehiagorekin, eta kaleko kultur programa oparo batekin, Bortziriak eta Ipar Euskal Herriko bisitariak ere erakarri nahi ditu Irungo hiriak gabonetan, merkataritza txikia suspertu nahian. Gisela, Pablo Méndez Performances konpaina edota Andoni Agirregomezkorta eta Mikel Bermejoren umorezko bakarrizketak ez ezik, hilabete osoko dinamizazio kulturala prestatu dute "Gabonetan Hator, Hator, Irunera" lelopean.  

“Gabonetan Hator, Hator Irunera” kanpainarekin bisitari eta erosleak gonbidatu nahi ditu Irungo Udalak eguberriko erosketak bertan egitera. Abenduaren 4an ekingo diote kanpaina komertzial eta kulturalari, tokiko merakataritza suspertu nahian. Udalak jakinarazi duenez, San Pedro eta San Martzial jaietako aurrekontuarekin parekatu daiteke eguberri denboran aurten egingo duten ahalegin ekonomikoa. Cristina Laborda alkateak nabarmendu duenez, «Irun ekitaldien hiria bilakatzeko ahaleginetan ari gara azken urteetan, eta urte osoan zehar jendea erakartzeko gai den erreferentziazko hiria dela erakutsi dugu».

Zentzu honetan, jaietan ez ezik, Dies Oiassonis jaialdiarekin udan edota urtean zehar antolatutako Irun Zuzenean, FICAB eta beste hainbat festibalekin bezala, Irun lehen planora ekarri nahi dute gabonetan ere. «Urtero gehiago baino, hobeto egin nahi dugu», argitu du Hiri Bultzadarako zinegotzi Nuria Alzagak, «ondo funtzionatzen duena mantendu eta herritarren iritzia entzunez, hobekuntzak ekarriz». Izan ere, iazko gabonetako kanpainaren ondotik egindako inkestan balorazio baikorra jaso zuen Udalak, baina hobetzeko bazegoela ondorioztatu zuten. Herritarrek erdigunean kaleko animazio eta jarduera gehiago eskatu dituzte bereziki. 

Horiek horrela, aurten «bertakoentzat eta kanpokoentzat programazio aberatsa» antolatu dute. Eta Irun Gipuzkoako bigarren hiria den heinean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso dute. Azahara Dominguez, Mugikortasun eta Turismo diputatuak azpimarratu duenez, «aldundiak duen sektorea desestazionalizatzeko helburuarekin bat egiten du Irungo Udalak azken urtetan egiten ari den ahalegina gabonetan». Gipuzkoako ekonomiaren %7,1 turismoari lotua dago gaur egun, inoizko daturik onena, eta neguan ere bisitariak erakarri nahi dituzte. Zentzu honetan, Irungo komertzioak Bortzirietako eta Iparraldeko bisitariak erakartzeko duen gaitasuna sustatu nahi dute.

Merkatari txikientzako urteko diru sarreren %40 inguru suposatu ohi du gabonetako kanpainak, eta ondoko merkealdi denbora. Hortaz, azken urteetan gainbeheran datorren komertzio txikiaren kasuan giltzarri izango da. Mugan elkarteko Tomas de Maeztuk dinamizazio kanpaina eskertu egin du, eta merkatariak prest daudela iragarri du. Baina aitortu du ere, «ez direla garai onenak Irungo merkatari txikientzat», eta beraz, kanpaina arrakastatsua izan dadin espero duela «sektorea ureztatzeko». Horretarako, Iparraldeko bisitariak erakarri behar direla azpimarratu du.

Hilabete osoko egitaraua

Gogoan hartu, beraz, abenduaren 4an piztuko dituztela kaleko apaingarri eta argiak. Aurten 300 apaingarri baino gehiago izango dira, eta auzo guztietara helduko dira urtarrilaren 6a arte piztuko dituztelatik egunero 17:30etik 02:00etara. San Juan plazan egingo dute ohiko ekitaldia 18:30ean, eta oraingo honetan El Pilar ikastetxeko ikasleak arduratuko dira argiak pizteaz, Mateo Vergarak aurkeztuta. Ondoren, Giselaren kontzertua izango da plazan bertan. Aurretik, 17:30etik aurrera Pablo Méndez Performances konpainia entzutetsua kalejiran ibiliko da, eta Udal Kontserbatorioko haurren abesbatzak gabon kanta herrikoien kontzertu bat emango du. 

Bestalde, Luis Marianoko 800 metro koadroko izotz pista eta curling pistak abenduaren 13an zabalduko dituzte. Izotzezko bi pista instalatuko dituzte, nagusia Luis Marianoko lorategietan urtarrilaren 6ra arte. Eta bestea, 160 metro koadrokoa Sarjia parkean egongo da, eta iaz bezala, tirolina batekin osatuko dute. Aldamenean, haurrentzat instalatuko diren beste atrakzio batzuk izango ditu guneak; eguberrietako herrixka eta haurrentzako jarduera karpa bat eta ludoteka zerbitzu bat. Era berean, Antzaran plazan txirrista erraldoia instalatuko dute, eta aurtengo nobedadea ere, bi curling pista. 

Gainerakoan, Zabaltza plazan ohiko Eguberriko Azokaren postuak abenduaren 13tik urtarrilaren 5era izango dira. Eta aurten Udalak ahalegin berezi bat egin du kaleko kultur jarduerak sustatzeko. Azken urteetan, kaleko ikuskizunek eta animazioak garrantzi handia hartu dute, eta jendeak oso ondo baloratu ditu, dio Nuria Alzagak. Hortaz, aurtengoan ere, txarangak, kalejirak, ongintzako kontzertuak, abesbatzen emanaldiak, tailerrak, zinema egokitua, ludoteka, gaming gune bat, magia gala bat eta umorezko bakarrizketak ere izango dira. Haien artean, a 

Esan gabe doa, Gabonetako ohiko hitzordu klasikoek ere beren lekua izango dutela, Olentzero eta Errege Magoen kabalgata barne.