Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren bueltan, Larreaundi-Olaberriako Euskara Egunak antolatu dituzte auzoko hainbat eragilek elkarlanean. Badira bizpahiru urte belaunaldi berri bat sartu zela auzo elkartea kudeatzera, eta sartu bezain pronto auzoko Euskara Batzordea sortu eta lanean hasi ziren auzoa euskaldundu ala auzoan euskaraz bizi ahal izateko ekimenak martxan jartzen. Iker Eizagirre, auzo elkarteko kideak dioenez, «gure helburua auzokideen bizi baldintzak hobetzea da, bai, baina balio batzuk sustatzea ere. Eta guretzako euskara funtsezkoa da». Hortaz, euskaraz bizi ahal izateko eta komunitatea josteko tresna dela sinetsita, batzordea saretzen joan da, eta Irungo AEK, Auzoko Aisialdi Taldea, Auzoko Haur Literatura Taldea, Eguzkitzako bi ikastetxeak, Irunabar Bertso Eskola, Larrea janariak, Ostomila Txotxongilo Taldea edota auzoko euskara ikasleak batu dira erronka horri erantzuteko asmoz.
Hainbat ekimen bultzatu dituzte azken aldian, betiere, etxetik kalerako bidea euskaraz egiten dutenek «ikusezina» den eguneroko hizkuntza hautua egiterakoan estres lingusitikoa arintzeko. «Auzoa, Irunen eta Euskal Herri osoan gertatzen da, norbere hizkuntzan bizi ahal izateko ez dakigula denda batean sartzerakoan edo auzo elkarteko asanbladan bertan euskaraz egin ala ez, estres hori sortzen delako eta ez da atsegina», aitortzen du Eizagirrek. Pentsamendu horiek guztien gainetik hautu bat negitera behartua da egunero, harreman orotan euskaldun tematiak, baina eguneroko errealitate hori ez da «euskaldunaren arazo psikologikoa, auzo soziala baizik».
Aldiz, auzo elkartearen helburua, hain justu kontrakoa da. Auzoko jendartea saretzen joatea, eta hizkuntz eskubideak bermatzearekin batera, estres lingustikoa arintzeko baliabideak eskaini nahi dituzte «euskaraz dakienak egin dezan, eta ez dakienari euskara ikasteko aukera emanez, edo gutxienez jarrera baikorra erakutsi dezan». Hau da, eremu pribatuan bezala, publikoan, plazan ere, talkarik jasan gabe euskaraz aritzeko aukera eraikitzen joatea.
Eta elkarlanetik ari dira eraikitzen. Ildo horretatik, auzokideen eskariari erantzunez Irungo AEK euskaltegiak auzoan ikastaroak eskaintzen hasi zen duela bi urte. Eta auzoan Euskararen Eguna eta hainbat kultur hitzordu euskaraz proposatzeaz gain, Eguzkitza ikastetxearekin bezala, auzoko hainbat eragilerekin harremanak estutu dituzte helburu jakin honekin. Bestalde, auzoko komertzioekin eta ostatuekin harremanetan sartu dira aurten ere, lehen hitza euskaraz ematen duen bezeroari zozketa batean parte hartzeko txartela oparitu dezaten.
Hala, euskararen aldeko jarrera sustatzeko erronka horretan, eta euskara auzoan sustraitu nahian, azaroaren 30ean, abenduaren 3an eta 4an ospatuko dituzte Euskara Egunak. Hauxe da egitaraua:
AZAROAK 30
Roberto eta Migel Plazatxoan (auzoko farmaziaren aldamenean)
- 11:00 - Ongi Etorria bertsotan
- 11:15 - Euskarazko Materialen Bigarren Eskko Azoka (Eguzkitzako ikasleen eskutik)
- 11:15 - Haur, Gazte eta Helduentzako txapa tailerra.
- 11:50 - Euskararen Aldeko Txotx!
- 12:30 - Kantu-Biraren hasiera auzoan barrena.
Eguzkitza Eskola Atarian
- 14:00 - Bazkari auzotarra (Txartelak 15 eurotan helduak, 10 eurotan haurrak. Auzo Elkarteak goizetan, ANTUNEZ eta OLAKETA tabernetean eta LARREA janari dendan eskura dituzue).
- 16:00 - Bingoa
Auzo Elkartean
- 17:00 - Ostomila Txotxongilo Taldearen haurrentzako emanaldia.
Eguzkitza HLHI zentroan
- 18:00 - Txokolatada
- 18:30 - Larreaundi-Olaberria Euskaraz? ekitaldia
- 18:50 - Buruhandiak
- 19:30 - BABARRUNBA euskal runba kontzertu ibiltaria
ABENDUAK 3
- Goizean Eguzkitza DBHko ikasleentzat herri kirolak auzoan barrena.
- 16:45 - Eguzkitza HLHI eskolatik abiatuta Kantu-Bira.
- 17:30 - Auzoko lokal berrian Txokolatada.
- 19:00 - San Juan plazan: Euskararen Aldeko Elkarretaratzea.
ABENDUAK 4
- 17:00 - Haurrentzao ipuin kontalaria auzo elkartean.
OHARRA: Azaroak 20ean 18:00tan Pello Añorga idazle eta ipuinkontalaria gonbidatu dute auzo elkartearen egoitzara, ohiko programazioaren barruan ipuin kontari saio bat eskaintzeko.