2025. urteko aurrekontuak osatzeko prozesua abian da eta EH Bilduk Udal Gobernuak aurkeztu duen udal aurrekontuari egingo dizkion proposamenen berri eman du. Guztira 9 miloi eurotik gorako proposamena egin du koalizio abertzaleak. Iragarri dutenez, 2025-2027 urte bitartean egikaritzeko diru partidak jasotzen dituzte bertan, eta azken urteetan EH Bilduk mantendutako ildoak garatzen jarraitzeko helburuarekin landutako proposamenak dira.
Etxebizitza premia
Hiru zutabetan oinarritu ditu Oihana Brionesek, EH Bilduko bozeramaleak aurkeztutako proposamenak. Baina aitortu duenez, etxebizitza politikari eman diote lehentasuna. «azken urtean egoerak okerrera egin duela argi dago, eta guretzako premiazkoa da udal aurrekontuetan etxebizitza politiken aldeko apustu garbia egitea, are gehiago, eremu tentsionatuan bizi garela frogatu den honetan», nabarmendu du.
Horretarako, IRUNVIk berezkoa duen erosketa eskubidea egikaritu eta Irungo Udalak 2025. urtean merkatura ateratzen diren etxebizitza publikoak erostea nahi du EH Bilduk. Horrela, Udal Gobernuak hiru urtetan iragarri dituen 1.000 etxebizitza publiko berriak eraikitzen diren bitartean, alokairuzko etxebizitzen parke publikoa handitzen joan ahalko da. Horretarako, 2 miloi euroko diru partida proposatzen dute.
Auzo biziak eta zerbitzuak
Bestetik, auzoetako bizitza indartu eta Udalak hirian eskaintzen dituen zerbitzuak deszentralizatzeko urratsak eman ditzan eskatzen du EH Bilduk, azken urteetan aldarrikatu izan duen hari beretik. Horretan aurrera egiteko hainbat zuzenketa egingo ditu koalizio subiranistak, bereziki, Anaka, Landetxa-Katea, Behobia eta Artian auzo bulegoak ireki eta gizarte ongizate zerbitzua hurbiltzeko. Era berean, Urdanibia Berriko haurtxokoaren jarraipena bermatzea, Dunboa eskolako patioa auzora irekitzeko proiektua, Anakan plaza berri bat sortzeko azterlana egitea, Korrokoitzeko eremu berria eta Arbes auzoa lotuko dituen zubia, edota Urdanibia plazako Mirarien Ama Birginaren kapera Kafe Antzokia proiekturako bideratzea dira proposamenen artean. Brionesek azpimarratu duenez, «Irun deszentralizatuago bat nahi dugu, auzoetara zerbitzuak gerturatu eta bertakoen bizitza kalitatea hobetu».
Kirol instalazioen beharra
Hirugarren ardatza, aldiz, kirol azpiegituren hobekuntza dute. Irunen kirol azpiegituren behar handia dagoela azpimarratu du EH Bilduk, eta egoeraren diagnostikoa aspaldi esku artean izan arren, Udalak identifikatutako behar desberdinei erantzunik eman ez diela salatzen dute. EH Bilduren ustez, «Irunen kirolaren garrantzia izugarria da, eta hirian harro egoteko moduko kirol sarea dugu, kirol modalitateen aniztasun handiarekin eta horietan tamainako kirolariak, baina instalazioen beharra agerikoa da». Zentzu honetan, bai kirol kluben eguneroko lanerako, bai herritarren kirol praktikarako ere, proposamenak egin ditu EH Bilduk, «Udalak behar horiek ezagutzen dituen arren, ez dielako erantzunik ematen, ezta azpiegitura berrien plangintzarik egiten ere».
Horri erantzuteko, EH Bilduk hiriaren mendebaldean hirugarren kiroldegi bat eraikitzeko diru partida sartzeaz gain, Iparralde-Gal eremua birgaitu eta kirol azpiegitura berriak egiteko proiektu baten azterlana proposatuko du.