Bidasoa Irunek Europako helburuak bete zituen atzo arratsean, Ystads talde suediarrari 35-32ko markagailuarekin irabazi ondotik. Multzo Fasean bederatzi puntu batuta, orain laurekin hasiko du talde horiak Main Round-a.
Neurketa parekatua izan zen atzo arratsekoa. Artalekun izan ziren Bidasoa eta Ystads aurrez aurre eta lehen berdinketen ondotik, hamabigarren minutuan jarri zuen etxeko taldeak markagailua bere alde. Lehen zatian, Alex Mozasen taldeak hiru goleko errentarik zabalena lortu zuen, baina atsedenaldira bidean, suediarren emaitza parekatu eta 17-16koa ezarri zuten.
Bigarren zatian, bide beretik joan zen partidua. Tentsio handiko norgehiagoka izan zen, baita maila handikoa ere. Bi taldeek euren lekua hartu nahi zuten kantxan, nahiz eta Bidasoak indar gehiago erakutsi. Nieto eta Salinas anaiek euren bertsiorik onena azaleratu zuten eta Skrzyniarz atezainak ere lan ona egin zuen defentsan, aurkariaren erasoak geldituz. Hau guztia erabakigarria izan zen, azken minutuetan etxekoek zuten abantaila mantentzeko eta 35-32ko markagailuarekin bukatzeko.
Garaipen sufritua izen zen atzokoa, nahiz eta helburuak lortu eta pozik gelditu egindako lanarekin. Bidasotarrek bi puntu garrantzitsu lortu zituzten atzoko Multzo Faseko azken jardunaldian eta bederatzi punturekin bukatu zuten lehen fase hau, D multzoko lider moduan. Honen ondotik, laurekin hasiko dute Main Round-a eta finalaurdenetan sartzeko helburu garbia izanen dute Alex Mozasen jokalariek.
Honen ondotik, Plenitude ASOBAL Liga bueltan izanen da Artalekun asteburuan. Bidasoak Servigroup Hoteles Benidorm jasoko du larunbat honetan, azaroaren 30ean, 17:30ean.