Emakume Futbolarien I. Nazioarteko Kongresua

“Izugarria da nire erreferenteen ondoan lan egitea”

Paola Oskoz 2024ko aza. 27a, 13:47

Emakume Futbolarien I. Nazioarteko Kongresua ospatu zen pasa den azaroaren 21ean eta 22an Ficoban. Olatz Rivera epaileak mundu hontara nola ailegatu zen kontatu du.. Bigarren Mailan aritu zen jokalari gisa eta ondotik hartu zuen epaile izatearen erabakia. Emakume erreferenteak izan zituen ibilbidean eta bera ere erreferente izango da atzetik etorriko diren bertze batzuentzat.

Olatz Rivera futbol epailea da, 2017. urtetik emakumeen Lehen Mailan, non soilik emakumeek epaitzen dituzten partiduak. Azken urteetan eta bere lanagatik nabarmendu da Rivera eta 2022an nazioartean ere debutatu zuen. Bertze partiduen artean, Supercopako finalerdia epaitu zuen, Barça eta Madriden artekoa. Sariak ere jaso ditu, tartean epaile onenaren saria 2023an. 

Marta Huerta de Aza izan da Riveraren erreferentea eta orain dela pare bat aste bere ondoan lan egin zuen, laugarren epaile gisa. Hori lortzea “izugarria” dela aipatu du gazteak eta bera ere hurrengo urteetan maila hortara ailegatuko diren bertze emakumeen erreferente izatea espero du. Psikologoaren laguntza azpimarratu zuen Riverak, epaile izatea lan gogorra delako eta bidelagunak behar direlako goi mailara iristeko. Fisikoki, jokalariek bezainbertzeko entrenamenduak egin behar dituztela ere azpimarratu zuen, partiduetan behar bezalako lana egin ahal izateko. Esfortzu guzti hau sari moduan ailegatu zaio epaileari, 2023an epaile onenaren saria eman baitzioten eta hori ere izugarria izan zela onartu zuen.