Emakume Futbolarien I. Nazioarteko Kongresua

“Interesa behar da emakumeen futbolean, geroz eta gehiago garatu ahal izateko”

Paola Oskoz 2024ko aza. 27a, 14:10

Emakume Futbolarien I. Nazioarteko Kongresua ospatu zen pasa den azaroaren 21ean eta 22an Ficoban. Maider Castillo Levanteko emakumeen kirol zuzendaria izan da azken sei urteotan, errendimenduaren arloan zentratuz. Aitzinetik, hamalau urtez izan zen futbolari profesionala klub berean. Emakumeen futbolak izan duen bilakaeraren inguruan aritu zen Castillo kongresuan. 

Maider Castillo futbolari ohia da. Eibartarrak taldean hasi zen baloiari lehen ostikoak ematen eta ondotik, Torrejon taldean debuta egin zuen lehen mailan. Levantera joan zen jokatzera gero, 2001ean eta 14 urte eman zituen bertan aritzen, tartean lau Erregina Kopa eta Ligako titulu bat irabazita. Erretiroa hartuta ere, klub berean segitu zuen lanean, kasu honetan entrenatzaile moduan eta azken sei urteetan, klubeko emakumeen kirol zuzendaria izan da, errendimenduaren arloan. Pasa den uztailean utzi zuen kargu hau. 

Futbolean hasi zenetik, gauza aunitz aldatu egin direla onartu zuen Castillo, “gauza asko ondo egin direla”. Bera Levanten bihurtu zen profesional, “emakumeen taldeak hartu zituen lehen klubean”. Horregatik beragatik, “leku erosoa zen lan egiteko”, eurengan konfiantza osoa baitzuen klubak. 

Hala ere, azken bi urteetan geldialdi bat sentitzen du eibartarrak emakumeen futbolean: “Urte asko instituzio eta klub desberdinen arteko borroka batean bizi izan gara eta horrek ez du lagundu futbola garatzera. Orain aldaketak egin dira eta konfiantza dut elkarrekin lan egingo dela, hori baita behar dena beste pausu bat emateko”. 

Hain zuzen ere, insituzioen laguntza behar-beharrezkoa dela onartu zuen Castillok. “Gizarte matxista eta elitista honetan, futbolean benetan egon nahi duten pertsonengan jarri behar dela fokua” erran zuen eta nahiz eta administazioen laguntza epe motzean ez ailegatu, “aukera polit bat da hemendik urte batzuetara beraiek emandako laguntzarekin emaitza positiboak ikusteko”. Kluben eta federazioek ere elkarlan honetan parte hartu behar dutela adierazi zuen azkenik, enpresekin batera, estadioetan jende gehiago sartzeko eta marketing-ean inbertsioa egiteko.