Maialen Gaztañaga Be Veggie azokaren arduradunak azaldu duenez, «planetaren osasuna ez ezik, norbere ongizatea zaintzeko eskaintza zabala eta anitza» jasoko du egitarauak. Seigarren edizio honetan Euskal Herriko sektoreko enpresez gain, Herri Katalanetatik (%19a), Madril (%8) edota Andaluzia, Aragoi, Asturias, Galiza, Valentzia... iritsitako marka eta produktuak ezagutu ahalko dira. Izan ere, Be Veggie bizimodu begetalaren erreferentziazko topagunea bilakatu da dagoeneko.
Seigarren edizioa besterik ez du azokak, eta Borja Olazabal Irungo Udaleko Ingurumenerako ordezkariak aitortu duenez, «garai batean Irungo gabonetako kanpaina komertzialaren barruan Ficoban antolatu ohi zuten Eguberriko Azoka ordezkatu zuenean eztabaida eta harridura sortu bazuen ere, Ficobak beti jakin izan du aintzindari izaten». Azken urteetan sektoreak bizi izan duen hazkundearen lekuko izan da azoka, eta gabonetan kontsumo jasangarriaren mezua helarazteko balio izan du. Sektoreak 451 milioi euro fakturatu zituen iaz espainiar estatu mailan, eta klima aldaketa arintzeko alternatibaren bidea markatzen duela aditzera eman du Gipuzkoako Foru Aldundiko Monica Pedreirak ere. «2030 urterako karbono isuriak %45 gutxitu behar ditugu, eta gure kontsumoek eskatzen duten ura eta energia gastuak apaltzeko, Be Veggie azokak eskaintzen dituen alternatibak errealitate bat dira», azpimarratu du.
Hala, seigarren edizio honetan, estatu mailako adituen hitzaldiak antolatu dituzte. Haien artean, Veganuary erakundeko Espainiako zuzendari Amanda Romero, edota Aida Gascon, AnimaNaturalisen Espainiako zuzendariak. Eta abenduaren 7an Espainiako V-Label sarien banaketa ospatuko da Irungo azoka beganoan.
Baina zer egiten du ezberdin Be Veggie gainontzeko azoka edo festibaletaz? Maialen Gaztañagaren esanetan, «animali esplotaziorik gabekoa dela, elikadura %100 begetala, kosmetika natural eta beganoa, eta jantziak eta osagaiak iraunkorrak». Azpimarratu duenez, gure kontsumoaren inpaktua gutxitu eta natura baliabideen babesteko aukerak topatuko ditugu azoka honetan, «eskaintzen diren produktu, marka eta pertsonen atzean, ingurumena zaindu eta zaporez eta kontzientziaz betetako mundu bat» deskubritu daiteke.
Ficobako antolakuntzak oroitarazi du sarrera eta aparkalekua dohainik direla, baina oinez ala Euskotreneko topan hurbiltzeko gomendatu du. Hiru eguneko hitzaldi, tailer, jarduera eta zuzenezko musika emanaldien egitaraua hemen sakatuz aurkituko duzu.