Amaia KZk XXI. mendean sartzeko jauzi kualitatiboa emango du

Antxeta Irratia 2024ko aza. 28a, 10:51

Irungo udal ordezkariek udatik martxan diren obretara egindako bisitan jakinarazi dutenez, orotara 635.000 euroko inbertsioa egin du Udalak sarbideetako irisgarritasuna arautegira egokitzeko eta seinaleak modernizatzeko ez ezik, bereziki makinaria eszenikoaren azpiegitura osoa hobetzeko.

Amaia Kultur Zentroaren irisgarritasuna, segurtasuna eta ekipamendu eszenikoa hobetzeko lanak bere azken txanpan sartu dira. Orotara, 635.000 euroko inbertsioa egin du Irungo Udalak hiriko antzokia eguneratzeko. Udatik hona hobekuntza lanak egiten ari dira, eta horren ondorioz, azken hilabeteotan hainbat kultur ekitaldientzako alternatibak bilatu behar izan dituzte. Horren irudiko dugu duela hil honetan OCines Mendibilen ospatu zuten FICAB zinemaldi arkeologikoa edota Euskararen Egunerako antolatutako ikusgarri eta antzerki emanaldiak FICOBAko aretoan programatu dituztela. 

Nuria Alzaga Kultura ordezkariak eta Jon Ugarte Obretako ordezkariak bisita egin dute lanak bertatik bertara ikusteko. Alzagak nabarmendu duenez, «hobekuntza hauei esker Amaia KZ XXI. mendean sartu da». Izan ere, jauzi kualitatiboa eman du sarbideen irisgarritasun aldetik ez ezik, arlo teknikoan ere. Makinaria eszenikoa eta argiztapen azpiegitura osoa, baita ikus-entzunezkoa ere berritu dute, eta LED fokuak jartzeaz gain, agertokiaren ekoizpena eta kalitatea hobetzeko mekanika eszenikoak berritu dituzte, eskuzko hagak, motorrak eta argitazpenaren polea sistema barne. Gainera, erabilitako materialak suaren kontrakoak direla azpimarratu dute. Horretarako 579.188 euroko aurrekontua bideratu du Udalak. 

Bestalde, Amaia KZaren sarbideak arautegira eguneratu beharra zegoela gogoratu dute udal ordezkariek. Hartara, irisgarritasuna hobetzeko 38.597 euroko inbertsioa egin dute, eta Pio XII.aren plazako sarreretan ate arinagoak jarri dituzte, baita arranpla eta baranda berriak ere. Era berean, Europako Next Generation diru funtsatik 18.149 euro lortu dituzte sarreretako seinaleak modernizatzeko.