"SexBerdinak" antzezlan arrakastatsua igandean Ficoban, Euskararen Eguna girotzeko

Antxeta Irratia 2024ko aza. 28a, 11:21

Kultura dohainik eta euskaraz kontsumitzeko gonbidapena egin du Udalak egunotan. Ene Kantak ikusgarriarekin hasi eta Donostia Antzerki Saria eta Arte Eszenikoen Max Saria eskuratu duen "SexBerdinak" antzerki arrakastatsuarekin borobilduko dute antolatutako hitzorduen lehen asteburua Irunen. Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta Ficoban izan ondotik, abenduaren 3an eta 7an Oiasso Museoan itxiko dute Euskaratik Etorkizunera programazioa. 

Irungo Udalak Euskararen Egunaren baitan antolatutako programazio kulturala badator. "Euskaratik Etorkizunera" lelopean, adin eta gustu guztietarako hitzorduak proposatuko dituzte egunotan, euskaraz kultura kontsumitu eta abenduaren 3ko Euskararen Egunari begira motorrak berotzeko. Azaroaren 29an hasiko da egitaraua haurrei zuzendutako Ene Kantak ikusgarriarekin (sarrerak agortuak) Ficoban. Eta larunbatean Benta Zaharreko Mutiko Alaiak kantu jiran ariko da 12:00etan Urdanibia plazatik San Juan plazarako bidean giroa animatuz. 

Igandean, aldiz, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktore ospetsuen eskutik Tanttaka teatroak "SexBerdinak" taularatuko du Ficobako areto nagusian, 19:00etan. Sexua ardatz duen antzezlanak arrakasta lortu du aurten XXIV. Donostia Antzerki Saria eta iaz Espainiako Arte Eszenikoen ekoizpen lanik onenaren Max saria eskuratu baitzuen bere erdarazko "SexPiertos" bertsioarekin. Izan ere, Irungo emanaldiaren ondotik Mireia Gabilondok zuzendutako antzezlana Malagan izango du bere hurrengo geltokia. Oso gutxi lantzen den gai bat maixuki jorratzen duelako oihartzun handian izan du obra honek, elbarritasuna duten pertsonen sexualitatearen tratamendua eta komedia uztartzen baitu. 

Sarrerak dohainik dira, eta www.irun.eus agendan sakatuz eskuratu daitezke oraindik. Udalak iragarri duenez, banatu ez diren sarrerak Ficobako leihatilan egongo dira eskuragarri emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean. 

Asteburu honetarako hitzorduen ondotik, abenduaren 3an, Oiasso Museora lekuz aldatuko dituzte ekimenak. Udal Euskaltegiko ikasleentzat bisita gidatua antolatu dute goizean, eta 11:00etan GazteLehia ekimena burutuko dute ikastetxeekin batera. 18:00etan, aldiz, Junkal Cepeda eta Olga Grandek umorezko bakarrizketa eskainiko dute Oiasso Erromatar Museoan 19:00etan. Eta museoan bertan borobilduko dute programazioa abenduaren 7an, "Jolastu nahi?" antzerki saioarekin. 

Oiasso Museoan antolatu dituzten jardueretarako, museoan bertan eskuragarri daude sarrerak, asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara, eta ostiral eta larunbatean 16:00etatik 19:00etara.