Zubia Kirola proiektua aurkeztu du Bidasoa Atletiko Taldeak, Zubia Irungo harrera zentroarekin batera. Laboral Kutxak diruztatu du programa eta Irungo Udalaren babesa ere jaso du. Kirola praktikatzearen aitzakiarekin, inklusiorako balioko duen egitasmoa izanen da, Zubia etxeko kideekin astean bitan entrenamenduak eginez.
Ibon Muñoz Bidasoa Atletiko Taldeko ordezkariak aurkeztu du gaur goizean Zubia Kirola proiektua. Zubia Irungo harrera zentroarekin batera landutako egitasmoa da, Laboral Kutxak diruz lagundu duena eta Irungo Udalak ere babestutakoa. Muñozek azaldu duenez, “Zubia Irungo Udaleko lehen arretako baliabide bat da, 18 urtez goitiko bazterketa sozialean dauden pertsonak laguntzen dituena, gizarte langile eta hezitzaileen lanarekin, hauek euren zentroan artatuz eta babestuz, deskantsurako leku bihurtuz. Horrez gain, informazioa eskaintzen diete bertako kideei, baita konpainia jarduera soziokulturalak egiterako orduan”.
Pasa den urtean Chakib Lagchar korrikalari ezaguna hartu zuten zentroan bere esperientzia partekatu zezan bertako kideekin. Lagcharrentzat kirola integratzeko tresna izan da eta bizitza oso bat edukitzeko aitzakia. Elkarteak hau ikusita, bere kideen artean interesa zutenekin batera, lasterka talde bat sortu zuten, kirola praktikatzen hasteko. BATek antolatutako probetan parte hartzen hasi ziren eta horren ondotik, klubarekin harremanetan jarri ziren euren lana gainbegiratzeko laguntza bila. BATek hau begi onez ikusi zuen eta laguntza eskaintzeko prest agertu, Ibon Muñozek adierazi duenez: “BATek laguntzeko konpromisioa hartu zuen, proiektuarekiko sentsibilitatea sentitu genuelako. Aspaldian, biztanleria osoari, genero edo jatorria desberdindu gabe, ariketa fisikoa eskaintzeko konpromisoa dugu. Gure helburua gizarteari kirolari lotutako eginkizun sozial bat eskaintzea da eta proiektu hau aurrera eraman behar genuen. Kirola pertsona hauentzat inklusiorako zubia izatea nahi dugu, edo bederen bere egunerokoa arinago egiten duen motibazioa”.
Zubia Kirola proiektua abenduan hasiko dute, heldu den astetik aitzinera, eta bost zati izanen ditu. Lehena, entrenamenduak izanen dira. Zubia harrera etxean dauden kideek astean bitan entrenamenduak eginen dituzte BATeko Susana Ruizekin. Saio bat goizez izanen da eta bertzea, arratsaldez, eta gehien bat lasterketa egitera aterako dira. Bigarren zatian, Irungo klubak kamisetak eginen ditu partaide guztientzat eta horrez gain, materiala ere erosiko du entrenamendu horiek egin ahal izateko. Hirugarren zatian, BATek, whatsappez eta helbide elektronikoz, bere bazkide guztiei deialdi bat eginen die egoera onean dituen zapatilak emateko. Laugarren zatian, akonpainamendua eskainiko diete Zubia etxeko kideei, klubak antolatutako probetan parte hartzeko. Azkenik, hilabetean behin, entrenamendu baten ondotik, hamaiketako bat ospatuko dute harremanak egiteko bide bezala.
Iñaki Elortegi Irungo Kolon Pasealekuan dagoen Laboral Kutxako egoitzako zuzendariak eta Cristina Laborda Irungo alkateak begi onez hartu dute proiektu hau. Elortegik hirian horrelako proiektu baten beharra onartu du eta gaineratu duenez, “ez da arazoaren soluzio bakarra, baina bai bidea, nahiz eta horretarako jende gehiagoren babesa behar dugun”. Labordak, bere aldetik, “elkarteen, klub pribatuen eta instituzioen arteko lankidetza” azpimarratu du, “elkarrekin urrutiago” joaten delako, eta “gizarte kohesioa hobetzen delako”. Horrez gain, “kirolak bizitza proiektu bat hobetzen ahal duela” erran du, baita “inklusiorako motorra izan” ere.
Azkenik, aurkezpenari bukaera emateko, Zubia harrera zentroko kide batek eskutitz bat irakurri du. Ilyes Benkaddou aljeriarrak Zubia Kirola proiektuan parte hartuko du eta testuan, honek izanen duen garrantzia aldarrikatu nahi izan du:
“Orain dela hamalau urte hemen bizi naizela. Kirol proiektu honen inguruan hitz egin nahiko nuke nire ikuspegitik, baita nire egoeran dauden beste batzuen ikuspegitik ere.
Ariketa fisikoa konpromiso bat da nire ustez, hasieran zaila dena, baina denborarekin errazago egiten dena, ohitura batean bihurtu arte. Hasierak ez dira berdinak izaten denentzat eta zailena ez da kirol bat praktikatzeko altxatzea, baizik eta ondotik garbitzeko dutxa bat ez edukitzea edota berreskuratzeko janaria ez edukitzea. Bigarren mailako zerbait dirudi, baina guretzat erronka handiago bat da.
Gure bizitza pelikula bat da azken hilabeteetan, eta zeinek ikusi nahi du pertsona normal baten pelikula? Haurtzaro, nerabezaro eta bizitza normal bat izan duen pertsona batena? Jendeak heroi baten pelikula bat ikusi nahi du, bizitza zail bat izan duena eta kolpeak jaso dituena arrakastara iritsi baino lehen. Jendeak azken pertsonaia hau maite du, baina ez du bera izan nahi, arrakasta hori lortzeko bizi izan dituen zailtasunengatik. Horregatik beragatik, heroi horietan bihurtzeko, zuen laguntza beharrezkoa dugu.
Zubia etxeko kideen izenean, eskerrak eman nahi dizkiet proiektu hau aurrera eramaten laguntzen duten pertsona guztiei. Kirol proiektu honekin, txapeldun handiak sortzea espero dut. Txapeldunak ez dira soilik garaikurrak altxatzen dituztenak, baizik eta ohitura negatiboak positiboetan bihurtzen dituztenak ere. Benetazko heroiak laguntzen dutenak dira eta proiektu honetan dauden pertsonak horietakoak dira”.