«Herritarren benetako beharrei erantzuteko» 10 milioiko aurrekontu aldaketa eskatu du EAJk

Antxeta Irratia 2024ko abe. 2a, 09:59

Segurtasuna handitzeko udaltzain eta bideo-kamera gehiago, industria suspertzeko lurzoruak, gazteen etxebizitza arazoa arintzeko laguntzak, edota kultura eta kirol ekipamenduen gabeziari erantzuteko 46 proposamen egin ditu Irungo EAJk. Orotara 10 milioi euroko aurrekontu aldaketarekin, «gobernu sozialistaren hiri-ereduak aintzat hartzen ez dituen irundarren beharrak asetzeko desberdinen artean mintzatzeko prestutasuna» adierazi du Gorka Alvarezek. 

Irungo EAJk udal gobernuak aurkeztutako udal aurrekontu proiektua aztertu eta gero, 46 zuzenketa aurkeztu ditu, orotara 10 milioi euro baino gehiagoko aldaketa proposatuz. «Herritarren benetako beharrei erantzuten ez dien kolore bakarreko eta gutxiengoan dagoen Udal Gobernu baten proposamen kontinuista» dela diote jeltzaleek. «Hirian gobernu sozialistak daramatzan 41 urte baino gehiagoko gobernuari aurre egiten dion hiri eredua da, baita irundarren bizi-kalitatea hobetzearen aldeko apustua egiten duena ere», azpimarratu du Gorka Alvarez Irungo EAJren bozeramalea. 

Zentzu honetan, egindako proposamenen artean, besteak beste, segurtasuna, jarduera ekonomikoaren sustapena, gazteen arazoak, kultura eta kirol ekipamenduen gabeziari erantzun nahi izan diotela argitu du. «Hiri eredu desberdin bat» proposatzen dutela nabamenduz, baina «desberdinen artean gauzak adosteko prest» daudela, eta beraz, aurrekontuen negoziaketa fase honetan mintzatzeko prestutasuna adierazi nahi izan du ordezkari jeltzaleak. 

Proposamen zehatzak

Aurrekontuari aurkeztutako zuzenketak sei ardatz nagusitan oinarritu dituzte. Batetik segurtasuna eta bizikidetzari lotutakoak. Jeltzaleen arabera, «bere garaian proposatutako Bizikidetza eta Segurtasun Plana abian dagoen arren, gai asko oraindik landu gabe daude, eta segurtasunik ezaren pertzepzioa gero eta handiagoa da». Hori dela eta, datozen hiru urteetan 12 udaltzain gehitzea proposatu du EAJk, urtero lau agente. Horrez gain, segurtasun bideo-kamerak jartzea ere proposatu dute Mendibil eta Sargia parkeetan.

Bestalde, Irungo langabezi-tasa kontuan hartuta, azken hamarkadan indarra galdu duen industria sektorea suspertzeko Plan Orokorra aldatzea, eta jarduera ekonomiko berriak instalatzeko lurzoru egokiak aurkitzea proposatzen dute jeltzaleek. Hala ere, kalitatezko lana lortzeko zailtasunetaz haratago, gazteen arazoen artean etxebizitzarena nabarmena dela ohartu da EAJ. Eta beraz, etxebizitza publiko eta irisgarrien sustepan berriak ez ezik, Udalak gazteen emanzipaziorako laguntzak eman ditzala eskatzen dute.

Hiriko azpiegiturei dagokienean, «kirol eta kultura ekipamenduen premia handia» dagoela deritzo EAJ udal taldeak. Gizartearen osasunarentzatko jarduera fisikoa bermatzeaz gain, Irunen kirol sare handia dagoela diote, baina badirela hamarkada batzuk kalitatezko kirol ekipemendurik ez dagoela, kirol kluben jarduna mugatuz. 

Hainbat proposamen egin ditu EAJ udal taldeak egoera zuzentzeko. Hala nola, Artalekuko kiroldegian irisgarritasun eta segurtasun neurriak ezartzea eta instalazioa osorik eguneratzea, Txenpereneako kirol-instalazioen proiektua garatzea, Azken Portuko kiroldegia handitzea eta "IAM pabiloiko obra-proiektua eta zuzendaritza" partidaren izenburuaren ordez, "Hiriko kirol beharrei erantzuteko instalazioen proiektua eta obra zuzendaritza" gisa izendatzea. Era berean, Stadium Galeko instalazioen mantentze hitzarmena eguneratzea ere proposatzen dute. Kultur ekipamenduei dagokienez, aldiz, Irunen kontserbatorioa integratuko duen auditorio berri bat sortzea beharrezkotzat jotzen dute.

Bestalde, «auzo elkarteek egiten duten lan paregabea» babesteko, hauek jasotzen duten diru kopurua emendatzea proposatzen dute. Eta auzoetan zerbitzu publikoetan hainbat hobekuntza egitea. Halaber, Mendibil auzuneko Plan Integrala, Gain Gainen eremuaren garapena amaitzea, San Miguel-Anakaren garapenean aurrera egitea, Jose Ramon Agirretxe berriz urbanizatzea edo Iñigo Loiola oinezkoentzako egokitzea daude egindako aurrekontu zuzenketen artean. 

Azkenik, euskara eta euskal kulturaren sustepenerako beharrezkoa ikusten du EAJk, «kaleetan euskara sustatu eta bultzatzeko apustu garbia egitea».