Tren geltoki intermodala eta ViaIRun garatzeko «egun historikotzat» jo dute agintariek atzokoa

Antxeta Irratia 2024ko abe. 3a, 08:44

2025 urtea bukatu aurretik RENFEren bi errei eta aparkalekua martxan egongo direla iragarri dute Irungo tren geltoki berriaren obretara egindako bisitan. 2032 urterako amaitu nahi duten proiektua garatzeko, udal osoko bilkurak azaroan onartutako Trenbide Eremua Integratzeko Protokoloa izenpetu zuten atzo tokiko, Gipuzkoako, Euskadiko zein Espainiako agintariek.

Irungo tren geltoki intermodalaren proiektua epeak betetzen doa agintarien arabera. 2011 urtean Pepe Blanco Espainiako ministroak Irungo udaletxean Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Udalarekin trenbide eremuaren lehen protokoloaren hitzarmena izenpetu zuenetik urrats administratibo, aurrekontu  eta egokitzapen handiak eman dira proiektuan. Urtebete iragan da geltoki zaharra eraitsi eta berria eraikitzen hasi zirenetik, eta asko falta da oraindik. Baina 2032. urterako bukatua egon dadin urratsak epeetan ematen ari direla aditzera eman dute. Eta horren baitan, 2025 urteko bukaerarako Renferen bi errei martxan egongo direla iragarri dute. Eta ordurako ibilgailu partikularrentzako eta autobusentzako aparkalekua ere estreinatzea espero dute.

Irungo geltoki intermodalaren obretara atzo egindako bisita ofiziala. 

Horiek hala, Irunen ferrokarrila, Euskotreneko topoa, Abiadura Handiko Trena (AHT) eta autobusa batuko dituen geltoki intermodala egiten ari dira, eta atzo obrara bisita egin zuten agintariek. Alkate zela proiektua abiatu zuen Jose Antonio Santanok parte hartu zuen bisitan, orain Garraio eta Mugikortasun ministerioko idazkari lanetan. Eta berekin, Cristina Laborda alkatea, Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun sailburua eta Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak egin zuten bisita. Ondoren, trenbide eremua integratzeko protokoloa sinatu zuten udaletxean. Cristina Laborda alkateak «egun historikotzat» jo du, urte luzeetako lanaren emaitzak orain ikusten hasiko garelakoan. Gogoan hartuz, protokoloa azaroko udal osoko bilkuran onetsi egin zutela udal talde politiko guztiek aho batez. 

Aipatutako dokumentuari esker, ETSk bere bide eta geltokiak berritzeko azterlan eta eraikuntza proiektuak egingo ditu. ADIFen ardura, berriz, bere azpiegiturak birmoldatzea izango da, baita Txanaleta plaza berreraikitzea, eta Geltoki kalea Aduana kalearekin lotuko dituen pasarela egokitzea ere. Irungo Udalak, aldiz, topoaren trazadura berria ViaIrun eremuko hiri antolamenduan txertatuko du. Euskotrenek hiru geltoki berri izango ditu Irunen, Kolon, Belaskoenea eta Kateakoak, orain artekoak trazaduratik kanpo geratuko baitira. Bestalde, Letxunborro hiribidea Andrearriaga kalearekin batuko duen pasabidearen lanekin hasiko dira urtarrilean eta uztailera bitarte luzatzea aurreikusi dute.