Iker Plazaola Irungo gabonetako umorezko bakarrizketa saiotik baztertu dute

Antxeta Irratia 2024ko abe. 3a, 11:38

Iker Plazaolaren kontrako salaketak medio, Irungo Udalak gabonetako programazio kulturalean aldaketak jakinarazi ditu. Gazteria arlotik zehaztu dutenez, abenduaren 30ean Pio XII.aren plazako karpan Lauzpabost taldearen Improshow umorezko bakarrizketa saioan programatua zegoen bere parte hartzea. Aldiz, taldeak berak baztertu egin du, eta hau argituta, ekimena bere horretan mantenduko du Udalak. 

 

EITBk azaroan estreinatu berri duen Barraka late-night umorezko telebista saioa bertan behera uztea erabaki zuen joan den igandean, baita Primeran plataformatik orain artean hedatutakoak kentzea ere, haren aurkezle den Iker Plazaolaren kontrako salaketak direla eta. Euskal aurkezle eta umoristaren erasoak salatu dituzte zenbait emakumek sare sozialetan. Adierazi dute ez dela eraso bakarra izan, eta asko direla gizon horren «eraso fisiko, sexual, psikologiko eta ahozkoak» jasan dituztenak. «Ez behin, ez bitan... erasoek denboran iraun dute, eta, gainera, ugaritu egin dira» haien esanetan.

Oñatiarraren saioa bertan behera uzteko erabakiaren ondotik, Irungo Udaleko Gazteria zerbitzuak abenduaren 30erako programatua zuen Lauzpabost taldearen umorezko bakarrizketa saioa egokitu egin duela jakinarazi du. Zehazki, Pio XII. aren plazan ezarriko duten karpan eskainiko dute Improshow euskarazko bakarrizketa saioa. Eta bistan denez, Iker Plazaolak parte hartu behar zuen bertan. Udalak argitu duenez, talde horretako kidea da Plazaola, eta «sexu-indarkeriako salaketa serie baten inguruan inplikatua dagoenez», bakarrizketaria taldetik baztertua izan da. Hortaz, ez du ekitaldian parte hartuko, baina Lauzpabost taldearen emanaldia mantenduko dute.

Hator, Hator Irunera!

Irungo Udalak antolatutako "Hator, Hator Irunera" kanpaina komertzial eta kulturala abenduaren 4 honetan hasiko da, 19:00etan egingo dute gabonetako argiztapenaren pizteko ekitaldiarekin San Juan plazan. Ondoren, Operacion Triunfoko Gisela abeslari ezagunaren kontzertua izango da bertan, Irun Hiria Musika Bandarekin batera. Baina kaleak girotzeko ekimenak 17:30etik hasiko dira, kalejira bat hiriko kaleetan barrena Pablo Méndez Performances konpainia prestigiotsuaren eskutik, Luis Marianotik hasita, San Juan plazaraino. 18:30ean Udal Kontserbatorioko haurren abesbatzak gabon kanta herrikoien kontzertu bat emango du.

Udalak tokiko komertzioa suspertzeko helburuarekin bertako eta kanpoko bisitariak erakarri nahi ditu, eta San Pedro eta San Martzial jaietako aurrekontuaren pareko ahalegina egin dute aurten programazio kulturala indartuz. 

OHARRA TRAFIKOA: Irungo Udaltzaingoak jakinarazi du bihar Gabonetako argiztapena dela eta San Juan plazan, trafikoan aldaketak emango direla. Batetik, ibilgailuen zirkulazioa mugatuko da Gipuzkoa hiribidean eta Kolon pasealekuan 17:35etatik 18:15etara, Nafarroa hiribideko eta Eliza kaleko bidegurutzeraino. Bestetik, San Martzial kalea 18:00etatik 20:30etara moztuko da Sargia kaleko bidegurutzetik aurrera. Afekzioak ere emango dira Irunbus autobus zerbitzuan. Zehazki, 4. Linean: San Juan - Antzaran - Olaberria, 17:45etatik 20:30era, gutxi gora-behera: