Euskararen «ekosistema elkarrekin arnasberritzeko» deia egin dute Irunen

Antxeta Irratia 2024ko abe. 4a, 09:30

"Harro Gaude, Ez Konforme" lelopean eta euripean, baina Kontseiluak azaroaren 9an ofizialki adierazitako larrialdi lingusitikoaren aurrean, euskara indarberritzeko deia egin zuen atzo Irungo euskalgintzak. San Juan plazan egindako elkarretaratzean «ospatzeko gutxi, aldarrikatzeko asko, eta dena egiteko» dagoela nabarmendu zuten irakurritako manifestuan.

Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, «euskarak 365 egun dituela, behar dituela eta nahi ditugula» sinetsita, lan horretan norbere ardura baztertu gabe, baina «baso bereko zuhaitz asko» garela aitortu eta euskal gizartearen aniztasunetik aurrera egiteko beharra aldarrikatu du Irungo euskalgintzak. «Denok osatzen dugu basoa, denok geure izaera, itxura, pentsamolde eta guzti. Baina denok euskaraz hartzen dugu arnas, ekosistema koloredun eta aberatsa osatuz, eta ezberdintasun horiek guztiek egin gaituzte indartsu» aldarrikatu dute. Eta instituzioei neurriak eta hizkuntz politika ausartagoak exijitu dizkiete, herritarrei «euskararen eta euskal hiztunon komunitatea, basoa, ekosistema arnasberritzeko» deia eginez, «euskaratik eta elkarrekin».

Larrialdi lingustikoaren aurrean, indarraldi berri bat gorpuzteko beharra azpimarratu zuten manifestuan. Eta euskararen basoa ereiteko hamaika hazi edo arrazoi eman zituzten aditzera. Hauek: 

  1. Hizkuntzaren auzia problematizatu nahi dugu, bizi dugun gatazka agerian utziz.
  2. Erabilera handitzeko ekimenak eskatuko ditugu.
  3. Euskal kultura sustatu, euskal nortasuna indartzeko edo ez.
  4. Hezkuntzari dagokionez, euskara benetan ardatz izango duen eredu eleaniztasuna bultzatu nahi dugu.
  5. Helduen euskalduntzea dugu gakotzat.
  6. Herritik egin behar dugula dena, instituzioak at utzita.
  7. Instituzioek hartu behar dutela lidergoa.
  8. Elkarlana ezinbestekotzat joko dugu.