Real Union burua altxa ezinik dabil lehen taldearen kirol mailari dagokionez. Ezegonkortasuna izan da azken bi urteetan arau, eta uztailaren 12an Mikel Llorente hondarribitarraren eskutik epe luzerako proiektu berria aurkeztu ondotik, denboraldi hasierako sei jardunaldietan 12 puntu eskuratu zituen. Baina igoeraren ametsa elikatu ondoren, azken 30 puntuetatik 5 besterik ez ditu bildu Real Unionek. Eta 1. Federazio mailako taldeen artean gol gehien jaso dituen taldea izanik (27 gol kontra), azken hiru partidetan galdu eta jaitsiera postuetara amildu ondoren hartu dute erabakia.
Mikel Llorente postutik kendu zuten atzo, baita berekin lanean ari ziren Aimar Sagastibeltza eta Jorge Alvarez ere. Etxetik kanpo taldea ez da lehiatzeko gai izan azken irteeretan: Unionistasen aurka 4-1 Salamankan, 5-0 Real Sociedad Bren aurka Zubietan eta joan den igandean 3-1 Lugon), eta etxeko azken garaipena urriaren 27an izan zen Tarragonako Nasticen aurka (1-0). Mikel Llorentek berak aitortu du azken asteetan asko kostatzen ari zitzaiela lehiatzea.
Hala ere, bere agurreko prentsaurrekoan (hemen duzute agerraldiaren bideo osoa) «egoera zuzentzeko gaitasuna» zeukatela pentsatzen badu ere, «proiektu ilusionagarria izanik, galdutako aukera» izan dela esan du. «Hau futbola da» aitortuz. Bere azken agerraldian eskerrak eman nahi izan die «lagundu duten guztiei, eta oztopoak jarri dituztenei ere hobeagoak egin gaituztelako», eta aurrerantzean Real Unioni gauza on guztiak opa egiteaz gain, entrenatzaile izan den 15 jardunaldi hauetan harmailetatik jaso dituen «errespetu falta eta irainak» deitoratu ditu.
Entrenatzaileen karrusela
Stadium Galeko aulkian desegonkortasuna izan da arau azken bi urteetan. 2022ko abenduaren 2an Aitor Zulaika kanporatu zutenetik zortzigarren entrenatzaile aldaketa da honakoa. Bi urte justu pasa dira, eta Zulaikaren ondotik, David Movilla, Iñaki Goikoetxea, Fran Justo, Iñigo Idiakez, Fran Justo berriz ere, eta Mikel Llorente pasa dira, bi denboraldietan mailari eusteko helburua estutasun handiz lortu egin dutelarik.
Orain, Albert Carbó Benavent jarriko dute proiektua zuzentzeko helburuarekin. Carbók 35 urte ditu, eta Aston Villako talde teknikoan Unai Emeryren laguntzaile gisa aritu da azken bi urteotan. Hala ere, ez du 1. Federazio mailan eskarmenturik. Orain artean, 2. eta 3. Federazio mailan aritu baita. Peralada eta Figueres taldeetako harrobian hasi zen entrenatzaile lanetan, eta 2019an Peralada taldean estrenatu zen lehen entrenatzaile gisa 3. Federazio mailan. 2021/2022 denboraldian Unió Esportiva Olot taldeak fitxatu zuen, 28 jardunalditan 15 garaipen lortu zituelarik.
Carbórekin batera, bigarren entrenatzailea eta prestatzaile fisikoa ere aurkeztuko dute datozen egunetan. Baina arratsalde hontako entrenamendua zuzenduko du dagoeneko, asteazken goiz honetan aurkeztu baitu Igor Emery presidenteak Stadium Galen.
Denboraldi osoa aurretik, lehen erronka larunbatean 15:30ean Stadium Galen izango du, Bilboko Athletic Bren aurka. Bi taldeak jaitsiera postuetan aurkitzen dira une hauetan.