Euskararen aldeko "txinparta" piztu du Irungo Udalaren enegarren begirune faltak

Antxeta Irratia 2024ko abe. 9a, 09:59

«Aski Da! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu» lelopean, Irungo 35 eragilek salaketa adierazpena plazaratu dute lau haizeetara, Irungo Udalari irundar guztien hizkuntz-eskubideak bermatu ditzala exijitzeko. Euskal hiztunak udalaren partetik «bigarren mailako herritar» gisa tratatuak izatera ohituak daudela diote, baina «pazientzia agortu» egin zaiela, eta udalari euskarak eta euskal kulturak merezi duen begirunea agertu dezala eskatzen diote.

«Ekitaldi magiko eta musikala» iragarri zuen Irungo Udalak Eguberrietako argiak pizteko aurten. San Juan plaza ilusioz betea zen abenduaren 4an, baina desengainu sentimenduarekin bukatu zuten irundar asko eta askok. Gabonetako kanpainaren leloa "Hator, Hator Irunera!" eszenatokiaren buru bazen, euskarari keinu bakarra izan zen honakoa, Giselaren erritmoan borobildu zuten ordu eta erdiko ekitaldian. Eta gero geroakoak.

Aldiz, orain artean euskal hiztunek Irunen "entzun eta isil, baiezko biribil" esamoldearen haritik udalaren hizkuntz-politika dinamikaren aurrean beti burua makurtu izan duten bitartean, oraingo honetan ez dira isilik geratu. Eguberrietako kanpainaren irekierak milaka irundarrengan sorrarazi duen ezinegona jaso dute Irungo gizartearen parte garrantzitsu bat ordezkatzen duten arlo askotariko elkarteek. Baita publikoki salatu ere. 

Abenduaren 3ko Euskararen Egunean udalak egindako adierazpen instituzionalak ez zuelako 24 ordu iraun, eta biharamunean San Juan plazako ekitaldia erdara hutsez egin zelako udalak antolatuta. Euskararen Egunaren ondotik gertatu izana «are mingarriagoa» egin duela diote hau salatzeko agiria izenpetu duten 35 eragileek. «Euskara eta euskaldunok existituko ez bagina bezala jokatu dute, noiz eta Euskararen Nazioarteko Egunaren biharamunean, non eta bereziki haurrei zuzendutako ekitaldi batean. Berriro ere gertatu da, euskara ikusezin egin dute», salatzen dute oharrean. 

Horrek sortutako haserrearen aurrean, Txingudi Ikastolako guraso elkarteak ekin zion ekimenari. Bertako gurasoek diotenez, ondo laburbildu du gertatutakoa Mikel Garcia Idiakezek “Eta Euskararen Egunaren biharamunean, la Navidad” izeneko bere kronikan, Argian. «Jendearen haserrea izan zen ahoz aho eta sare sozialetan haserrea zabaltzen joan zen» dio Txingudiko guraso honek, «zoritxarrez Irungo Udalaren partetik tratu hau jasotzera ohituak gaude, eta etsipenez hartzera, baina Txingudiko guraso elkartean pentsatu genuen bazela garaia nahikoa dela esateko».

Esan eta egin, idatzi bat egitea erabaki zuten eta «txinparta hori azkar batean sugar bilakatu da». Izan ere, espero gabeko atxikimendua jaso dutela azaldu digute, eta denbora gehiago hartuta atxikimendua oraindik handiagoa izango zela dakiten arren, argi izan dute erantzuna azkarra behar zuela.

Hala ere, Irungo biztanleriaren parte esanguratsu baten atxikimendua lortu du eskaera honek. Txingudi Ikastolako guraso elkartea ez ezik, Irungo beste sei eskola publikotako guraso elkarteek ere bat egin dute (Toki Alai-Siutz ikastetxeko Alaikiro Guraso Elkartea, Elatzeta, Dunboa, Hirubide, Eguzkitza eta Leka Enea eskolako Zabaldu guraso elkartea), baita Irungo 18 auzo elkarteen erdiak ere (Larreaundi-Olaberria, Alde Zaharra-San Juan, Erdiguneko-Centro, Landetxa-Katea, Arbesko Errota, Meaka-Ibarla, San Miguel, Uztarriona Urdanibia Berri eta Arbes auzo elkarteak). Era berean, euskalgintza, zein kultur eta kirol elkarte anitzek babestu dute agiria. 

Baina ez dute salaketa hutsean geratu nahi. Udalari hizkuntz-politika eraginkorrak garatu ditzala, eta adierazpen ofizial hutsaletatik haratago, irundar guztien hizkuntz-eskubideak bermatu ditzan borondatea agertu dezala eskatzen dute: «Euskararen Eguneko adierazpen instituzional eta hitz polit eta potolo guztiak hutsalak dira, ekintzaz lagundurik ez badaude; eta zurikeria merkea baino ez, esaten denaren kontrakoa egiten bada». 

Horrenbestez, ekimen honen ondorioz, «Udalak ezingo duela gehiago ezikusiarena egin eta serio hartu beharko duela» sinetsita daude Txingudi Ikastolako gurasoak. Eta ekimena sustengatu duten eragile andana kontuan hartuta, argi dute honakoa Irunen euskararen eta euskal komunitatearen egoera aldatzeko abiapuntua besterik ez dela izan: «piztutako sugar horrekin su eder bat piztu behar dugu, eta bizirik mantendu, euskaltzaleak saretuz eta antolatuz, euskaldunak aktibatuz, behingoz herri honetan gauzak aldatzen hasteko».

Hona hemen plazaratu duten oharra osoki: 

ASKI DA! IRUNEN ERE EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU!

Berriro gertatu da, beste behin ere Irungo Udalak ezikusiarena egin digu euskaldunoi. Ez da lehen aldia; zoritxarrez, ohituta gaude, ohituegi, eta mingarria bada ere, badirudi etsipenez hartzera ohitu garela.

Baina oraingoan are mingarriagoa izan da: Gabonetako argien pizte ekitaldi arrandiatsuan euskara eta euskaldunok existituko ez bagina bezala jokatu dute, noiz eta Euskararen Nazioarteko Egunaren biharamunean, non eta bereziki haurrei zuzendutako ekitaldi batean. Euskara ikusezin. Ondo laburbildu du gertatutakoa Mikel Garcia Idiakezek “Eta Euskararen Egunaren biharamunean, la Navidad” izeneko bere kronikan, Argian.

Euskararen Eguneko adierazpen instituzional eta hitz “polit eta potolo” guztiak hutsalak dira, ekintzaz lagundurik ez badaude; eta zurikeria merkea baino ez, esaten denaren kontrakoa egiten bada.

Horregatik, mezu hau izenpetzen dugunok salaketa publiko hau egitea erabaki dugu, Irungo Udalari aski dela esateko, eta hemendik aurrera ez garela isilik geratuko jakinarazteko, behingoz, euskaldunoi muzin egiteari utz diezaion.

Aski da! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu!

Idatzi hau Irungo 35 talde hauek izenpetzen dugu, Udalari irundar guztion hizkuntz-eskubideak bermatu ditzala eskatzeko:

HEZKUNTZAKO GURASO ELKARTEAK

  • Txingudi Ikastolako Guraso Elkartea (HĮHI-BHI)
  • Toki Alai-Siutz ikastetxeko Alaikiro Guraso Elkartea
  • Elatzeta HHHI ikastetxeko Guraso Elkartea
  • CEIP Dunboa HĮHI eskolako Guraso Elkartea
  • Hirubide BHIko Guraso Elkartea
  • CEIP Eguzkitza HĮHI-BHI ikastetxeko Guraso Elkartea
  • CEIP Įeka Enea HĮHI eskolako Zabaldu guraso elkartea

EUSKAL KULTUR TALDEAK

  • Bidasoko AEK
  • Betti Gotti euskal kultur elkartea
  • Irungo Euskal Jira
  • Txorimaloak Soinu Taldea
  • Aitzondo Euskara Elkartea
  • Auntxa Trikitixa Eskola
  • Kemen Dantza Taldea
  • Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea
  • Bidasoako EKT (Euskal Kultur Taldea)
  • Burrunba Elektrotxaranga

GIZARTE ERAGILEAK

  • Parean berdintasun elkartea
  • Bor-bor hausnarketa kolektiboa
  • Gaurko Andreak berdintasunaren aldeko elkartea
  • BDSKoop eraldaketa fabrika
  • Antxeta Irratia irrati-elkartea

AUZO ELKARTEAK

  • Larreaundi-Olaberria Auzo Elkartea
  • Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkartea
  • Erdiguneko-Centro Auzo Elkartea
  • Landetxa-Katea Auzo Elkartea
  • Arbesko Errota Auzo Elkartea
  • Meaka-Ibarla Auzo Elkartea
  • San Miguel Auzo Elkartea
  • Uztarriona, Urdanibia Berriko Auzo Elkartea
  • Arbes Auzo Elkartea

KIROL EĮKARTEAK

  • Atxiki Pilota Eskola
  • Lur Alai Squash Kluba
  • Txingudi Rugby Club
  • Erlaitz Mendi Elkartea