Sexu-abusuengatik urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak Irungo irakasle batentzat

Antxeta Irratia 2024ko abe. 12a, 07:53

Irakaslearentzat sei urteko inhabilitazioa ere eskatu dute Gipuzkoako Auzitegian amaitu berri den epaiketan. Txingudi Ikastolan 2016/2017 ikasturtean 12 urteko neskato batetaz sexualki abusatu izana leporatzen diote, eta akusazio guztiak ukatu eta absoluzioa galdegin du akusatuak. Biktimak 2021ean salatu zuen gurasoei kontatu ondoren, «beste neska batzuekin gauza berbera egin ez dezan». Jangela garaiko pausa denboran gertatu zela deklaratu du biktimak.

Fiskaltzak urte eta erdiko kartzela zigorra eta sei urteko inhabilitazioa eskatu du Txingudi Ikastolako irakasle batentzat, 2016/2017 ikasturtean ustez 12 urteko ikasle bati egindako abusuengatik. Gainera biktimari 1.000 euroko kalte-ordainak ordaintzea galdegiten dio. Akusazioak sei urteko kartzela zigorra eskatu du, baita biktimarengandik urruntze agindua eta berarekin komunikatzeko debekua agindu dezaten. Ikasle honen familiaren salaketaren aurrean, biktimak deklaratutako guztia ukatu egiten du akusatuak, eta defentsak absoluzioa eskatu du. 

Abenduaren 11n amaitu da epaiketa Gipuzkoako Auzitegian, eta biktimak ateak itxita deklaratutakoaren arabera, 2016/2017 ikasturtean eman zen ustezko sexu-abusua. Jangela garaiko pausa denboran irakasle honek ikasgela batean marrazkiak egitera gonbidatu zuen neska talde bat, eta bertan ikasmahaietan eserita margotzen ari zirela aprobetxatu zuen ustezko erasotzaileak 12 urteko neska honi abusu sexualak egiteko. Argitu dutenez, ez zen beraien irakaslea. Biktimak gertatutakoa ez zuen momentuan salatu, eta gurasoei 2021. urtean jakinarazi zien hezkuntza zentroan irakaslea berriz ikusi zuelako, eta «beste neska batzuekin gauza berbera egin ez dezan» helburuarekin.

Epaiketan bildutako deklarazioen arabera jakin denez, ikaskide batek gomendatu zion salatzera, eta biktimak amari kontatu ondotik, gurasoek hezkuntza zentroko zuzendariarengana jo zuten. Honek, biktimaren gurasoei salaketa aurkezteko premia zegoela aditzera eman ondoren, Hezkuntza Inspekzioan komunikatu zuen gertatutakoa. Eta erakunde honek laupabost egun beranduago ustezko erasotzailea lanik gabe utzi zuen bere irakasle lanpostutik apartatuz.

Epaiketa atzo amaitu zen beste zenbait lekukoren eta akusatuaren deklarazioekin. Honek leporatzen dioten abusua ukatu egin du, eta defentsak kargurik gabeko absoluzioa eskatu du. Epaiketa epaiaren zain gelditzen da.