Meaka konpainia sortu berri dute, ekainaren 30ean desfilatzeko gogoz

Antxeta Irratia 2024ko abe. 16a, 12:58

2025eko ekainaren 30ean lehen aldiz desfilatzeko helburuarekin Meaka konpainia sortu dute Alarde Publikoko Juntaren babesarekin. Joan den ostiralean aurkeztu zuen konpainiak bere burua, Ibarlan, Meaka auzo elkartean. Irungo antzinako lau auzo zaharrenetarikoa bada ere, gabezi bati erantzuteko beharra sentitu dutela azpimarratu dute kideek.

«Askoren buruan zebilen» konpainia berria osatzeko ideiarekin auzoan inkesta bat egin ondoren, ehun lagunetik gora haiekin bat egiteko gogoa adierazi zutenez eman dute urratsa Meakan. «Belaunaldi berriek euren auzoko konpainian desfilatzeko aukera ematea eta berdintasunaren bidean konpromiso irmoa adieraztea» dute helburu. Argitu dutenez, urtetan beste konpainietan desfilatu izan duten herritarrek eta lehen aldiz desfilatuko dutenak animatu dira konpainia berriarekin bat egitera.

Maite Vergara, Alarde Publikoko jeneralak ongi etorria eman zion konpainia berriari bere agerraldian.

Eta gogotsu dabiltza lanean, jende gehiago batu dadin. Horretarako, gogotsu ari dira lanean, eta otsailan bazkari bat antolatzen ari dira elkar ezagutzeko eta harremanak sendotzeko. Eta udaberrian mendi ibilaldi bat ere egingo dute. Aurrerago emango dituzte xehetasunak @mekakokonpainia sare sozialetan sortu dituzten kontuen bitartez. 

Horiek hala, Alarde Publikoak duen 9. infanteriako konpainia izango da Meaka. Hain justu, 2023an sortu zen San Miguel konpainiaren ondotik sortu denez, haien atzetik desfilatuko dute. Eta konpainia berria sortzeko haiengandik jaso duten laguntza eskertu dute. Era berean, Maite Vergara, Alarde Publikoko jeneralak ongi etorria eman die auzo elkartean egindako agerraldian, bere sustengua adieraziz.