Duela zenbait urteetatik hona Olentzerok eta Mari Domingik bide neketsuegia dute Irungo San Juan plazara heltzeko. Haurren ilusioa ez da aldatzen belaunaldiz-belaunaldi. Eta abenduaren 23 honetan, aurten ere ez dute huts egingo, haurrek gutunak eskuetan, eta Mari Domingi eta ikazkinak zakua bete ilusioz iritsiko dira Irunera. Aldiz, elkarte eta norbanako askoren bihozberari esker izango da. Urte luzetan Txorimaloak Soinu Taldea, Bidasoako EKT, Betti Gotti, Auntxa Trikitixa Eskola eta Bidasoako Joaldunak elkarteek, eta beste hainbat irundar euskaltzaleen sakrifizioari esker egin zaio harrera hirian ikazkinari. Azken urteotan gainera, Olentzerori harrera egiteko ekimenak «merezi duen dizdira» emateko udalaren dirulaguntza partida handitzeko eskatu izan dute eragileek erantzun baikorrik gabe. «Bada garaia euskal kulturari lotutako ospakizun hau beste ekimenen pareko trataera izan dezan, beti bigarren mailako ekitaldi bezala uzten baita», kexu da Joxeja Zabalo, Bidasoako EKT elkarteko kide eta Olentzeroren Etorreraren eragileen arteko partaideetako bat.
Aurten ere aurrekontua hobetzeko eta antolaketa tenorez egiteko bilera eskaerekin goiz hasi ziren eragile hauek, uda garaian. Baina kezkaturik azaldu dira udalarekin antolaketa argitu nahian bilerarik lortu ez, eta udal teknikarien bitartez jakinarazi zitzaielako ondoren, antolakuntza eta kudeaketa eredua aldatzea erabaki zuela udalak. «Azken momentuan esan digute, eta hori da aurtengo aldaketa nagusia, orain arte herriak antolatzen zuen ekimena udalak bereganatu duela, aurten Irungo Udalak antolatzen du», dio Zabalok. Hala ere, ohiko eragileek egingo dute lan guztia udalaren azpikontrata gisa.
Dirudienez, aurtengoan gainera, udalak argitu ez dituen beste bi eragilek interesa agertu dute Olentzero eta Mari Domingiren Etorrera antolatzeko. Baina udalak ohiko eragileekin jarraitzea erabaki du. «Udalari eskatu dioguna da, heldu den urtera begira betiko eredura bueltatzea, eta aurrekontuetan oraindik ere diru kopuru berbera mantentzen duten arren, haiek ere ikusi dute ekitaldia hobetzeko beharra dagoela», argitu du euskal kultur elkarteetako ordezkari honek.
Haatik, aurten umeentzako gabonetako euskal kultur ekimen garrantzitsuenetakoak merezi duen bezala ospatzeko baldintzak ez dira betetzen eragileen arabera. «Azkenean gabiltza berandu eta gaizki, baina haur irundarrei ez huts egiteko» aurrera egitea erabaki dute.
Abenduaren 23an aparteko aldaketarik ez
Gainerakoan, Olentzero eta Mari Domingi azken urteetako ibilbide beretsua egingo dute Irunen. Leka Enea eskolatik abiatuko dira 17:00etan, eta Luis de Urantzu, Zubiaurre kaleetatik Colon ibilbidera iritsiko dira gurdian, eta erdigunea zeharkatuta Foru karrika eta Kale Nagusitik pasa, eta San Juan plazan amaituko dute. Olentzerok haurren gutunak 18:30etik aurrera jasoko ditu bertan 21:00ak arte.
Aurreko urteetan bezala, idiak eta astoak, taloak eta musika animaziorik ez da faltako. Baina honetan ere, ekitaldia hobetzeko abere gehiago erabili ahal izateko administrazioak berezkoak dituen hirigunean abereak sartzeko baimenekin malguago beharko lirateke izan antolatzaileen arabera. Abereak ere Irungo baserritarrek lagatutakoak dira kasu honetan. Eta elkarteek gogoratu dutenez, norbanako bolondres asko ari da lanean dena ondo atera dadin, eta Olentzero eta Mari Domingiren gurdia bera ere, elkarte eragileek mimo handiz prestatutakoa dela nabarmendu dute.