Irungo EH Bilduk «ausardia eta determinazioa» eskatu dio PSEren udal gobernuari

Antxeta Irratia 2024ko abe. 17a, 11:26

2025eko udal aurrekontuen negoziaketari begira koalizio zubiranista akordioetara heltzeko prestutasuna azaldu du, baina sozialisten partetik «akordiorako determinazio askoz ere handiagoa» beharrezkoa izango dela argitu du Oihana Brionesek. EH Bilduren bozeramaleak iragarri duenez, gutxienez 15 zuzenketa aurkeztuko dituzte abenduaren 19ko udalbatzara, «etxebizitza udal politikaren erdigunean ezarri» nahian. 

Aurretik aparteko akordiorik lortzen ez badu, PSEren Irungo udal gobernuak oposizio talderen baten babesa beharko du abenduaren 19an, ostegunean egingo den 2025eko udal aurrekontuen osoko bilkuran. Horren harira, gutxiengoan gobernatzen duen PSEko udal gobernuari akordioetara iristeko ausardia galdegin dio EH Bilduk. Koalizio subiranistak, momentuz, 15 zuzenketa aurkeztu dituela jakinarazi du; etxebizitza, mugikortasuna, kirol azpiegiturak edota auzoetan hobekuntzak egiteko.

Oihana Briones bozeramaleak argitu duenez, lehentasuna eman diote etxebizitza publikoari bereziki, baina irundarren beharrak asetuko dituen aurrekontu bat osatze aldera, onartuko den aurrekontua hiri eredu baten irizpideak markatuko ditu. Zentzu horretan, irundarren faboretan eta bizi kalitatea hobetzeko ezkerreko politikak oinarri hartuko dituen eredu baten alde egiteko, akordioetara heltzeko prestutasuna adierazi du Brionesek. Baina orain arteko negoziaketa prozesuan gobernuak agertutakoa baino «ausardia eta akordiorako determinazio askoz ere handiagoa» beharrezkoa izango duela argitu du.