Txistorra, txoznak eta euskal eragileak prest Irunen Santomas Eguna ospatzeko

Antxeta Irratia 2024ko abe. 19a, 10:38

Abenduaren 21a egun handia da Irunen. Neguko solstizioarekin egunak izango dituen 8 eguzki-orduak baino egitarau zabalagoa ospatu ohi dute Urdanibia plazan. Kaleak girotzeko arduradunen artean, Auntxa Trikitrixa Eskola dugu klasiko bat. Eta larunbatean ordubeteko emanaldi berezia eskainiko du taulagainean. Iñaki Aranaga, Auntxa Trikitrixa Eskolako arduradunarekin hitz egin dugu.

Gabonetan hitzordu andana bat dutela aipatu digu Auntxa Trikitixa Eskolako Iñaki Aranagak: «Ekitaldi mordoxka dugu gabonen bueltan». Izan ere, abenduaren 21ean Hendaia, Hondarribia eta Irungo mutxikoetan dabilen taldearekin kantu-jiran ariko dira Irungo San Juan plaza inguruan, eta arratsaldean Urdanibia plazako oholtzako emanaldietan parte hartuko dute. 

Hortaz gain, abenduaren 23an Irungo Olentzero eta Mari Domingiren Etorreran parte hartuko dute. Abenduaren 24an, aldiz, goizean Oiartzunen ibiliko dira hango trikitixa eskolarekin batera, eta arratsaldean, Txingudi Ikastolako guraso elkarteak urtero antolatzen duen kalejira animatuko dute. Pio XII plazatik abiatuko dira, eta kalez-kale kantu-poteoan joango dira Zabaltza plazan eta Oiasso Museo aurrean geldialdiak eginez, Urdanibia plazan amaitzeko. 

Abenduaren 24an Txingudi Ikastolako familiekin batera kalejiran ariko da Auntxa Trikitixa Eskola.

Gainerakoan, gogoratu Santomasak Irunen goizeko 09:30ean baserritarren azokarekin hasiko dela, ohiko lehiaketa eta Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak antolatutako ezti-dastaketa ere egingo da. Goizeko 10:00etan irekiko dituzte txoznak. Eta goizeko emanaldietan, 11:00etatik aurrera, Txorimaloak Soinu Taldea, Adaxka Dantza Taldea eta Eraiki Dantza Taldearen emanaldiak izango dira.

Arratsaldean, besteak beste, Elatzeta abesbatza, Irungo Musika Kontserbatorio eta Eskola, Auntxa Trikitixa Taldea bera, Ibarla Meaka Dantza Taldea, Kemen Dantza Taldeak pasako dira taulagainetik. Eta 21:00etan Burrunba Elektrotxaranga, eta  23:00etan Goxua N’ Salsa taldearen kontzertuak borobilduko du eguna.