37 segunduko udalbatza eta 2025eko udal aurrekonturik ez, momentuz

Antxeta Irratia 2024ko abe. 19a, 11:42

Irungo udal gobernu sozialistak 2025eko udal aurrekontuen udal osoko bilkura bertan behera utzi du gaur hasi bezain pronto. Cristina Laborda alkateak goizeko 9:30ean deitutako udalbatzak  «egunon» batekin hasi eta lehenengo puntua bertan behera utzita, 37 segundu besterik ez du iraun. «Bozeramaileen Batzordean esandakoak entzun ondoren eta ikusita aurrekontu proiektuak ez duela adostasun nahikorik» debatea atzeratzea erabaki du udalbatzako puntu bakarra «mahaigainean» utzita.

Aurreneko aldia da halako zerbait gertatzen dela Irungo udalgintzan. Azken agintaldietan Jose Antonio Santano alkate zen garaietan, PSE-EE udal taldeak udal gobernu koalizioak osatzeko gaitasuna izan baitu, PP, EAJ zein Elkarrekin Podemosekin. Aldiz, bakardadean, eta orain bezala, gutxiengoan gobernatu duen urteetan ere, oposizioko udal taldeekin aurrekontuak aurrera ateratzeko aukera izan du akordio puntualei esker edota abstentzioak lortuz. Haatik, azken urtebetean negoziaketa bideak zaildu egin zaizkio Labordaren gobernuari.

Euskadi mailako PSE-EAJren arteko akordio markoan hainbat hilabetez negoziatu eta gero, Irungo EAJko bozeramale berria Gorka Alvarezek «negoziatzeko denbora agortutzat» eman zuen joan den urrian. Azken 16 hilabeteetan Irungo jeltzaleek EAJ-PSOE akordio markoaren konpromisoak bete dituzten arren, beste erakunde batzuetan ez bezala, «Irunen ezinezkoa izan da gobernu akordiorik lortzea» adierazi zuen Batzokian egindako agerraldian. Irungo EAJk «hitzarmena ez bete izana eta borondate falta» leporatu dio PSEri, eta «sozialistek gutxiengoan gobernatzeko erabakia hartu dutela ulertuta, oposiziora bultzatu dituztela» salatu zuen Gorka Alvarezek. 

Bestalde, azken egunotan, 2025eko udal aurrekontuen negoziaketa prozesua martxan zela, Irungo EH Bilduk akordioetara heltzeko prestutasuna azaldu badu ere, sozialisten partetik «akordiorako determinazio eta ausardia askoz ere handiagoa» beharrezkoa izango zela iragarri zuen koalizio subiranistako bozeramale Oihana Brionesek. EH Bilduk aurrekontu proiektuan «etxebizitza publikoa erdigunean jarri eta aurrekontu proiektua hobetzeko» 18 zuzenketa aurkeztuak zituen gaurko udalbatzan.

EAJren kasuan, «segurtasuna handitzeko udaltzain eta bideo-kamera gehiago, industria suspertzeko lurzoruak, gazteen etxebizitza arazoa arintzeko laguntzak, edota kultura eta kirol ekipamenduen gabeziari erantzuteko» 46 proposamen egin dituzte, orotara 10 milioi euroko aurrekontu aldaketarekin. Jeltzaleak negoziatzeko prestutasuna adierazi zuten azaroan. Baina bistan da, udal gobernu sozialistak adostasunak biltzeko negoziaketan sakondu beharko duela oraindik.