Urtarrilaren 1etik aurrera 2.740 TAO plaza gehiago indarrean sartuko dira Irunen

Antxeta Irratia 2024ko abe. 23a, 13:40

TAO kontratu berria onartu du udal gobernuak, eta egin beharreko egokitzapen lanak eta makinak otsaila-martxoa arte martxan jarriko ez badira ere, urtarrilaren 1ean orain artean TAO barruan ez zeuden Artia, Larreaundi, Elizatxo eta Kostorbe-Gal eremuetan ere indarrean sartuko da. Isuri Apaleko Eremuak ekarriko dituzten aldaketen zain, trafikoan eta aparkatzeko ohitura aldaketak ekarriko dituenez, bi urteko kontratu laburra egin dute. 

Udalak egindako azken azterketen emaitzei jarraituz, Mugikortasun arloak auzo horietan ere «errotazioa» bermatu nahi du. Gaur egungo 5.332 plazetatik 8.072ra pasako da TAO sistemaren menpe egongo diren azaleko aparkalekuen kopurua. Irungo TAO kontratu berria 2025ean indarrean sartuko da, udal gobernuak udazkenean iragarri zuen, eta eta joan den astean Udal Gobernu Batzordeak onartu zuen kontratu berria. Mugikortasun arlotik aurreratu dutenez, «aldaketa garrantzitsuak emango dira, baina epe laburreko kontratu batekin». Borja Olazabal zinegotziak argitu duenez, «aplikatu beharko den Isuri Apaleko Eremuak hiriko trafikoa eta aparkatzeko ohiturak eraldatuko» dituenez, malgutasunez jokatu nahi izan dute luzarora begira eskuak lotu gabe. 

TAO sistemaren helburu nagusia azaleko aparkalekuen «errotazioa bermatzea» izanik, Mugikortasun arlotik gidarien ohiturak eta trafikoen fluxuak etengabe aztertzen dituztela gogoratu du udal ordezkariak. Eta horren arabera, eta auzo elkarteekin egoera aztertuta, errotazio hori bultzatzeko helburuarekin erabaki dute TAO sistema lau eremu gehiagotara zabaltzea. 2025etik aurrera 17 izango dira udalak TAO sistemarekin kudeatuko dituen Irungo eremuak. Zehazki, TAO eremuak puntu hauetara zabaltzea proposatu dute, eremi berriak sortuz: 14. eremua - Artia, 15. eremua - Larreaundi, 16. eremua - Elizatxo eta 17. eremua - Kostorbe-Gal. 

Salbuespen batzuk izango dira ordutegien aldetik, baina orohar 19:30 ala 20:00etan amaitzen da TAO ordutegia. Berez, 1etik 12. eremuetara araututako ordutegia astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara izango da. Eta larunbatetan 9:00etatik 13:30era. Udalak argitu duenez, Belaskoenea, Artia, Larreaundi, Elizatxo eta Kostorbe-Gal eremuetan, aldiz, arratsaldean 18:00ak arte ordaindu beharko da, eta larunbatetan ez da martxan izango. Eta salbuespenen artean, Behobia (7. eta 11. eremuak) eta Iparralde etorbidea (10. eremua) ordutegi jarraitua mantenduko dute, astean zazpi egunez, astelehenetik igandera 9:30etik 19:30era. 

Kontratu berrian APPa martxan izango da ere, eta orain arteko baldintza beretsuak izango dira. Eta zenbait auzotan egoiliarrentzako erreserbatutako plazak bikoiztu egingo dituzte, zehazki, egoiliarrentzako plazak 190etik 380ra pasatuko dira aurreko kontratuarekin alderatuta, Pio XII.a plaza ingurua, Santiago/Beraun, Behobia, San Migel eta Pinudi/Antzaran.  Gaur egun TAO sistemaren barruan dauden 5.332 plazetatik 8.072ra hedatuko da ordaindu beharrekoa. Hauek horrela geratuko lirateke banatuak, 1.196 plaza urdin, 6.473 plaza berde, 23 plaza gorri eta egoiliarrentzako 380 plaza zuri egongo dira.