cristina laborda

«Irun ez da bigarren mailako hiria, ez dut besteek baino gehiago eskatuko, baina ezta gutxiagorekin konformatuko ere»

Koldo Nausia 2024ko abe. 26a, 15:13

2024an «egindako akatsak eta ondo kudeatutakoak» aitortuz urteko bilana egin du Irungo alkateak. Ezinbestekoak diren IAM pabilioia edota Hegoaldeko sahiesbidea bezalako proiektuak garatzeko, udala beste erakundeen borondatearen menpe dagoela aitortu du. Hala ere, aurten Oinaurreko anbulategia, Via Iruneko Topoaren integrazioan edota Irun Gune Tenkatua izendatzeko bezala, «elkarrizketaren bidetik aspaldiko zorrak diren proiektu estrategikoetan beste erakundeekin akordioak lortzeko gai» izan dela azpimarratu du. 

Cristina Laborda alkateak 2024 urtearen balorazio baikorra egin du gaur. Alkatetzan egin duen bere aurreneko urte osoa izanik, eta «egindako akatsak eta ondo kudeatutakoak» izan direla aitortuta, «irundarren bizitza hobetzeko herritarrengan hurbilen dagoen erakundetik lan egiteko ilusioa eta gogoa» bere horretan mantentzen duela azpimarratu du. 2025eko udal aurrekontuak onartu gabe amaituko du urtea, baina udal gobernua lanean ari dela dio, eta «denbora eta beste taldeekin negoziaketa epe kontua» dela argitu du.

Hiru akordio estrategiko

Amaitzear dagoen urteari dagokionez, «udalak aspaldi zorretan zituen proiektu estrategikoetan ezinbesteko urratsak emateko beste erakundeekin akordioak lortzeko» gai izan dela goraipatu du, eta orain artean emaitzarik eman ez zuen elkarrizketa bideak «aurten fruituak eman» dituela uste du. Guztien artean hiru akordio azpimarratu ditu bereziki. Batetik, Via Irun proiektuaren baitan, honek hurrengo hamarkadatan hiri-eredua eraldatuko duen heinean, hilabete honetan izenpetu berri duten Trenbide Eremuaren Integraziorako hitzarmena. 2011 urtean lehen protokoloa izenpetu zenetik lan handia egin dela dio, eta «hiriaren oraina eta geroa eraldatzeaz gain, Topoaren trenbideak hirierdian eragiten duen orbana itxi eta hiria josteko estrategikoa» den akordioa, aurtengo lorpen aipagarrienen artean dago alkatearen ustez.

Bestalde, Oinaurreko anbulategia eraikitzeko akordioa lortu da aurten. «10 urtez gure hiri antolamenduak aurreikusia izan duen proiektua aurrera eramango du azkenik Eusko Jaurlaritzak, jarrera aldaketa bat eman da dialogoaren bitartez, eta horri esker irundarron eta bidasotarron osasun zerbitzu publikoak hobetzeko ezinbestekoa den proiektua martxan jartzeko aurrekontua dago», argitu du Labordak. Izan ere, EAEko lehen arreta zerbitzurik masifikatuena Irungo Erdigunekoa da gaur egun (38.000 herritar artatzen dituena). Eta urtetan geldirik egon den proiektua desblokeatu izana albiste pozgarria da bere ustez.  

Hirugarren akordioa, eta ez horregatik garrantzia gutxiagokoa, 2024an udalak eman duen Irun Hiri Tenkatua izendatzeko eskaera jo du alkateak urteko aurrerapauso nabarmen bezala. «Etxebizitza arazo larria da, eta Irungo Udalak lurrak eskaintzeko prozesu administratibo guztiak aurrera eraman eta gero, Eusko Jaurlaritzaren giharre ekonomikoa beharrezkoa izango da hiru urtetan 1.000 etxebizitza eraikitzeko», argitu du Labordak, 2024an diagnostikoa egin eta partehartze prozesua martxan jarri dutela kontutan hartuta, Ezin ahaztu daiteke, IRUNVI etxebizitza publikorako udal sozietatean ia 2.300 eskatzaile (unitate familiar) daudela alokairu sozial baten esperoan gaur egun.

Aurrera begira hainbat asmo

Gainerakoan, Irungo Udalak aurten burutu dituen obra proiektuez haratago (Poxpologile kalearen berrihitartzea, Oiasso Museoaren termak, Anakako etxeen urbanizazio lanak… besteak  beste), hiriaren etorkizuneko bilakaeran giltzarri izango den Mugikortasun Jasangarriaren Plana goraipatu du alkateak. Uztaileko udalbatzan onartu zuten, hiriko desplazamenduak oinez, bizikletaz eta garraio publikoan ardazteko, eta 2024an diagnostikoa egin eta partehartze prozesua martxan jarri dutela kontutan hartuta, 2025ean udal ordenantza onartu eta indarrean ezarri beharko duten Isuri Apaleko Eremuaren prozesua ere azpimarratu du. Mugikortasun jasangarriaren haritik ere 2025ean martxan jarriko dituzten L3, L4 eta L5 (linea berria) zerbitzuetarako autobus elektriko berriak erosi eta azken frogetan daudela azpimarratu du. Horrekin «IrunBus erabat elektrikoa» izango dela nabarmendu du.

Bestalde, “Irun Ekintzetarako Hiria” dela aldarrikatu du udal gobernuak azken urtebetean. Bere ustetan, ekonomia urbanoa suspertu eta bisitariak erakartzeko gai dela erakutsi du aurten hainbat ekimen jendetsuekin. Camelaren kontzertua jaietan, Korrikaren abiatzea, Itzulia txirrindularitza froga edota arrakasta handia izan duen udako Dies Oiassoni jaialdiak jarri ditu adibide gisa. Baina ekimen handietaz gain, auzoak biziberritzeko ahaleginetan ari direla argitu du, kultur programazioa indartuz batetik, eta auzo elkarteen lan etengabea babestuz, auzoetako jaiak lortu duten garapena nabarmenduz.  

Era berean, aurten udal talde politikoek Bizikidetza eta Segurtasun Hitzarmen berretsi egin dutela gogoratu du. Eta 2024ko delinkuentzia datuen balorazioa egiteko 2025era itxaron beharko bada ere, aurrera begira «herritarren kezka nagusietako bat» dela badaki, eta «lan transbertsala» egiten ari direla iragarri du. Besteak beste, Udaltzaingoaren berrantolaketa eta efektibo gehiagoren kontratazioa aurreikusten du alkateak.

Proiektu handietan, eskuak lotuta

Azkenik, Irun hiriarentzat ezinbestekoak diren aspaldiko proiektuak eta beste zenbait berrien garapena iragarri du 2025ari begira. Baina 2024an hauek garatu ez izanaren arrazoi berberari begiratu dio, «beste erakundeen menpe daudelako» agintari sozialistaren ustetan. Kirol instalazioetan, IAM pabilioia eta Plaiaundiko pistak Txenpereneara lekuz aldatzeko proiektua, edota errepideei dagokienez, Hegoaldeko sahiesbidearen 2. eta 3. faseen garapena jarri ditu adibideen artean. Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren borondatea eta laguntza ekonomikoaren baitan garatu ahalko direla aitortu du Labordak.

Txenpereneako kirol instalazioen kasuan, adibidez, hasierako akordioa berritu beharko lukete, udalak %20, aldundiak %30 eta Eusko Jaurlaritzak inbertsioaren beste erdia aurreikusten zelarik. Eta IAM zein errepideen garapenaren kasuan ere, «beste eskualde eta lurralde batzuetan egin diren inbertsioen tamainako tratu justo bat» besterik ez du eskatzen. Irungo alkate den heinean, beste erakundeekin harremanetan irundarren interesak irmoki defendatuko dituela iragarri du: «Irun ez da bigarren mailako hiri bat, lehen mailakoa baizik, eta ez dugu besteek baino gehiago eskatuko, baina ezta gutxiagorekin konformatuko ere».