Moskuko Gaztetxeak eraso faxista bat salatu du

Antxeta Irratia 2024ko abe. 26a, 15:58

Abenduaren 23an GKS gaztexte barruan hitzaldi bat egiten ari zela, indar handiko bi lehergailu jaurti zizkieten hiru erasotzailek, eta margoketa naziak egin zituzten atean. Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak bilera ireki batera deitu du gaur 19:00etan erantzun kolektibo bat antolatzeko helburuarekin. 

Moskuko Gaztetxeak jakinarazi dutenez, abenduaren 23an arratsaldean hiru nazi hurbildu ziren gaztetxera Bidasoako Gazte Langileen Asanbladak bertan antolatutako aurkezpen publiko bati sabotaje ekintza bat egitera. Atean pintada bat egin eta indar handiko bi lehergailu bota zituzten jendea barruan zegoen bitartean. Argitu dutenez, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) aurkezpen bat antolatu zuen bertan urtarrilaren 25ean gerraren eta faxismoaren aurka egingo dituzten manifestazioak azaltzeko, baina aurkezpenean zeudela, hitzaldian zeudenei eraso zieten hiru nazik. Indar handiko bi lehergailu bota zituzten Gaztetxe barrura, eta pintaketa faxista bat egin zuten atean. Eraso faxista larria izan zela diote, beldurra eragiteko helburua duen heinean, mehatxu zuzena delako.

Gogoratu dutenez, ez da lehen erasoa Bidasoaldean azken aldian. Hondarribiko Portuko murala erasotu zuten, kartel eta pegatina naziak hainbat lekutan jartzen dituzte hauei kristalak itsatsiz kentzerakoan jendea mozteko, eta hilabete honetan margoketak eta erasoak jasan ditu Lakaxita gaztetxeak. Santo Tomas egunean hauek salatzeko 230 gazte batu zirelarik Urdanibia plazan deitutako kontzentrazioan. Joan den astean, bestalde, Lesaka eta Oiartzun arteko Agiñako lepoan frankismoaren biktimen totem bat moztu eta esbastika nazia margotu zuten mendiko arroketan. 

Moskuko Gaztetxeko kideek diotenez, «gero eta ohikoagoak bilakatu dira horrelako eraso faxistak, eta hauek normalizatzeko diskurtsoak ere». Hortaz, faxismoaren aurka antolatzea inoiz baino beharrezkoagoa dela ikusita, gaur 19:00etan asanblada irekia antolatu dute Eguzkitza kaleko 15.ean ateak zabaldu berri dituen Moskuko Gaztetxean.