Eraso nazien gorakadari buru egiteko deia egin du Moskuko Gaztetxeak

Koldo Nausia 2024ko abe. 27a, 12:15

Moskuko Gaztetxean GKSk (Gazte Koordinadora Sozialista) abenduaren 23an bi lehergailurekin jasandako eraso nazia salatzeaz gain, «erantzun kolektiboa» antolatzeko asanblada egin zuen atzo Bidasoako Gazte Langileen Asanbladak. «Gero eta ohikoagoak bilakatu diren eraso faxistak, eta hauek normalizatzeko diskurtsoak borrokatzeko» beharra aldarrikatu dute. Urtarrilaren 25ean Bilboko eta Iruñeako manifestaziotara Irundik autobusez joateko deia ere luzatu du GKSk.

Moskuko Gaztetxeak abenduaren 23an jasan zuen eraso faxistaren aurrean, «erantzun kolektiboa eman eta elkar babesteko» helburuarekin asanblada jendetsua egin zuen atzo iluntzean Bidasoako Gazte Langileen Asanbladak. Joan den astelehenean atean gurutze zelta baten pintada (ariar arraza supremazista ikur naziarena) eta indar handiko bi lehergailu bota zituzten jendea barruan zegoen bitartean. Argitu dutenez, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) aurkezpen bat antolatu zuen bertan urtarrilaren 25ean "gerraren eta faxismoaren aurka" Bilbon eta Iruñean egingo dituzten manifestazioak aurkezteko, baina aurkezpenean zeudela, hitzaldian zeudenen kontrako erasoa jasan zuten.

Gazteek argi dute «gero eta ohikoagoak bilakatu direla horrelako eraso faxistak, mezu homofobo eta arrazistak zabaldu, eta indarkeria matxista ukatzen dutenak, eta hauek normalizatzeko diskurtsoak ere». Hortaz, faxismoaren aurka antolatzea inoiz baino beharrezkoagoa da GKSko kideen ustetan. «Erasoak erakusten du, hain justu, urtarrilaren 25eko manifestazioak inoiz baino zentzu handiagoa duela», aldarrikatzen dute. 

Asanbladan 50 lagun inguru bildu ziren Moskuko Gaztetxean, hemendik aurrera faxismoa eta mugimendu erreakzionarioen aurrean erantzun kolektiboa eman eta Euskal Herrian ere gora egin duten eraso hauen errealitatea gizarteratzeko zer egingo duten adosteko. Hainbat ekintza egingo dituzte datozen egun eta asteetan, eta «gehiago garela eta erasoen aurrean ez garela isilduko» ohartarazi dute. GKSko kideek argitu dutenez, «erasoaldi faxista hau ez da betiko falangista edo norbanako baten gauza, hedatzen ari den talde benetan neonazi batena baizik». Gazteak kezkaturik agertu dira han-hemenka darabiltzaten inpunitatea ikusita, eta pedagogia lan handia egin beharko dela pentsatzen dute gizartea honen larritasunaz ohartzeko. «Nahiko kezkatutak gaude halako taldeen agerpenarekin, aurrekaria ezartzen dutelako, eta erreakzioaren gorakada orokorrarekin bereziki, zer nolako jarrera arrazista ari den orokortzen, eta argi dugu borroka kultural handia dugula egiteko», diote. 

Eraso naziak Bidasoaldean

Gogoratu dutenez, ez da lehen erasoa Bidasoaldean azken aldi honetan. «Ikusi dugu hainbat ekintza egin dituztela, eta esplizituki naziak dira, sinbologia nazia erabiltzen dute eta ideologia nazia zabaldu nahi duen mugimendu bat dela», ohartarazi dute Moskuko Gaztetxeko kideek. Besteren artean, Hondarribiko Portuko murala erasotu zutenean GKSk salatu zuen gertatutakoa. Eta azken asteotan kartel eta pegatina naziak hainbat lekutan jartzen dituzte kaleetan, hauei kristalak itsatsiz kentzen dituenari zauriak eragiteko xedez. Hilabete honetan, abenduaren 18an, Lakaxita gaztetxeak ere jasan zituen pintaketak. “Guerra sin cuartel”, “Stop LGTBI”, "Defend Europa" edota "Fuera Degenerados” zioten pintaketak egin dituzten Gaztetxearen hormetan. Eta joan den abenduaren 21ean, Santomas egunean, 230 lagun elkartu ziren Urdanibia plazan hau gaitzesteko egindako kontzentrazioan.

Joan den astean, aldiz, diktadura frankistaren lehenbiziko urteetan, Lesaka eta Oiartzun lotzen dituen errepidea eraiki zuten Langile Batailoietako gatibuak gogoratzen zituen totema moztu eta lurrera bota zuten Agiñako lepoan, baita arroketan esbastika nazia margotu ere. 

Bien bitartean, Moskuko Gaztetxeak bere ibilbidea jarraitzen du, urtarrilaren 15ean Eguzkitza kaleko lokala okupatu izanagatik epaiketaren esperoan daudela. Eta haiekin bate gin duen Real Unioneko South Side zale antifaxistek South Side Eguna antolatu du urtarrilaren 4an, eguerdian hitzaldi batekin hasi, bazkaria, bertso Saioa eta 17:00etatik aurrera hainbat kontzertuekin.