Martetik Martera garamatza Oiasso Museoak urtea hasteko

Koldo Nausia 2025ko urt. 7a, 09:34

Oiasso Museoak martxan dituen aldi baterako bi erakusketen eskutik ekiten dio urte berriari. Ostiralean 19:00etan Juan Manuel Melchor adituak erromatar emakumeen amatasunari buruzko hitzaldiarekin itxiko duen “Emakumea, sexua eta erreprodukzioa: kontatu gabeko historia” erakusketa batetik, eta bestetik, martxora arte gerraren jainko erromatarra planeta gorriarekin lotzen duen "Martetik Martera" erakusketa.

 

Irungo Oiasso Museoan ez dute atsedenik hartu gabonetan. Haurrentzako tailerrak eta familientzako bisitak antolatu dituzte Oiasso zeneko aztarnategietara. Eta urte berrian ere, museoak izango duen interesgune berri baten irekierari begira lanean ari dira. Terma erromatarrak. Irungo Udalak ez du data finkatu oraindik, baina lanak amaituta, bisitagarri egiteko eremua atontzea besterik ez zaie falta. Nolanahi ere, 2025 urtea indartsu hasi nahi dute. Eta horretarako, bi gonbidapen luzatu dituzte aldi baterako erakusketei lotuta.

Batetik, abenduaren 5ean estreinatu zuten “Martetik Martera” erakusketa bisita daiteke egunotan. Martxoaren 30a arte jasoko du erakusketa hau museoak, eta Juanjo Jimenez Oiasso Museoko zuzendariak azaldu digunez, Marte jainko erromatarra planeta gorriarekin lotzen du 2.000 urteko historian, mitologian eta astronomian murgilduz. Erakusketak San Telmo Museoaren, Bilboko Berreginen Museoaren, Gordailuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu dute, eta Marte gerraren jainkoaren iruditik abiatuta, antzinako mitologiaren eta esplorazio modernoaren baitan NASAk Marten egindako azken aurkikuntza zientifiko eta astronomikoak jasotzen ditu. Museoko arduradunek aipatu digutenez, planeta gorriak artean eta zinemagintzan irudimen iturria izan den heinean, horri lotutako hainbat bitxikeria ere aurki daitezke erakusketan.

Gainera, astronomiarekin edo Marte jainkoarekin lotutako hainbat pieza biltzen ditu. Horien artean, nabarmentzekoa da Atenasko Akropolian kokatutako Partenoiko Panateneen frisoko 28 eta 30 bitarteko irudien jatorrizko hustuketa. Bilboko Berreginen Museoak maileguan utzitako pieza da, eta jatorrizkoa Britainiar Museoan dago.

Erakusketa asteartetik larunbatera (10:00-20:00) eta igandeetan 10:00-14:00 ordutegian bisita daiteke dohanik. 

Urteko lehen proposamena

Bestalde, BioGipuzkoa Osasun Ikerketa Institutoarekin elkarlanean, Historia+Zientzia zikloaren barruan kokatzen den “Emakumea, sexua eta erreprodukzioa: kontatu gabeko historia” erakusketa bisitatzeko azken astea duzute honakoa Oiasso Museoan.

“Emakumea, sexua eta erreprodukzioa: kontatu gabeko historia” erakusketan ikus daitezkeen piezak

Emakume erromatarren errealitate konplexua ez ezik, antzinaroan eta erdi aroan erabilitako osasunari lotutako tresnak ezagutzeko parada ematen du erakusketak. Tresna hauek Juan Manuel Melchor adituak utzitako bere bilduma etnografikoaren piezak dira. Hain justu, erakusketa borobiltzeko aditu honen eskutik hitzaldi bat antolatu dute, urtarrilaren 10ean, ostiralean arratsaldeko 19:00etan. “Emakumea eta amatasuna antzinako Erroman” izenburupean.