Gabonetako "Hator, Hator Irunera" kanpaina kultural eta komertziala amaituta, Irungo Udalak urte hasiera honetan ere komertzioa bultzatu nahi du erdigunean. Hala, merkealdien kanpaina lagundu nahian, Colon pasealekuko, Mendibileko eta San Juan plazako lurrazpiko aparkalekuetan merkeago aparkatzeko aukera emango du, gaur hasi eta urtarrilaren 26a arte. TELPARK enpresarekin lotutako akordioaren arabera, MULTIPASS izeneko bonua eskainiko dute 1,99 euroren truke, bertan 12 orduz aparkatu ahal izateko, ordutegi zehatzik gabe eta edozein egunetan.
Udalak argitu duenez, bertan erosketak egitea errazteaz gain, ekimen honek «aparkatzeko leku bila dabiltzan ibilgailuek sortutako kutsadura murrizteko helburua» ere badu. Jakinarazi dutenez, TELPARK aplikazioan 5, 10 eta 20 Multipass bonu eskuratzeko aukera emango dute egunotan. Udalak gogoratu duenez, irailan egin zuten halako kanpaina froga lehen aldiz, eta arrakasta lortu zuen. Garai hartan 10.766 bonu saldu baitzituzten. Udalak jarraipena eman nahi dio iraileko kanpainari eta, beraz, ekimenak irundarren eta bisitarien artean arrakasta izateko helburu du, hiriko salmentak eta bisitak areagotzeko neurri aproposa delakoan.