Larreaundiko komunitatea josten jarraitzeko espazio berria zabaldu dute

Antxeta Irratia 2025ko urt. 8a, 10:56

Virgen Milagrosa kalean Auzoko Lokala zabaldu berri du Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak. Tailerrak eta jarduerak egin eta komunitatea josten jarraitzeko helburua dute bertan, auzoko eragile eta norbanakoen proposamenei irekita dago, eta momentuz, gimnasia, pilates, taichi eta haur eta gazteei zuzendutako errefortzu eskolak emango dituzte bertan. Ohiko Auzo Elkartean, aldiz, euskara, ingelesa eta marrazketa ikastaroak. 

 

Irungo Larreaundi-Olaberria auzoa biziberritzeko lanetan daramate bizpahiru urte, auzo elkartetik eta bertako eragileekin batera. 2022an auzo hobetzeko 40 proposamen bildu zituzten auzotarrekin aurrera eramandako prozesu parte hartzaile batean. Eta iritziak jasotzeko antolatutako bileren ondorio gisa, zer nolako auzoa nahi zuten argituta, lanean ari dira etenik gabe. Azken bi urteotan, auzoko jaiak indartzeaz gain, auzoan euskararekiko begirunea sustatzeko dinamikak ere martxan jarri dituzte komertzio eta ostalariekin, eta auzoko beste elkarteekin eta Eguzkitza ikastetxearekin elkarlanetik, joan den abenduaren 3aren bueltan Euskararen Egunak ere antolatu dituzte aurten.

Auzo elkartearen jarduera azkartu egin dute haur eta helduei begira. Eta horrenbestez auzo elkartearen egoitza txiki geratu zaie. Baina urte berria aspaldiko aldarrikapen bati bide emanez hasi dute. Virgen Milagrosa kalean Auzoko Lokala izendatu duten topagune berria zabaldu berri baitute. Aipatutako 40 proposamen horien artean Irungo Udalari egoitza handiago baten eskaera zuten. Iker Eizagirrek, auzo elkarteko kideak azaldu duenez, beharra ez da oraingoa. «Badira 15-20 urte badagoela proiektu bat azpi-estazio elektrikoa zegoen orubean espazio komunitario bat antolatzeko, baina ez atzera ez aurrera dago, eta hori garatzen den artean beste espazio bat behar genuen auzoan», dio. Hala ere, jarduerak egiten hasi ziren momentuan justu geratu zitzaien egungo auzo elkartea, eta azken hiru hilabetetan auzolanean atondu dute espazio berria. «Hemen gauzak konplexuak dira, gauza batzuk udalaren esku egon daitezke, baina auzotik eta auzokideen proposamenak eta beharrak asetzeko saretuz eraman behar ditugu aurrera, eta hori da egiten ari garen bidea», argitzen du Eizagirrek.

Zentzu horretan, «proiektuak eta helburuak betetzen doaztela ikusten duten heinean, auzotarren parte hartzea eta inplikazioa handitzen doa». Eta beraz, Virgen Milagrosa kalean zabaldu duten espazioan komunitatea josten jarraitzeko helburua dute. Pizgarri berri bat suposatuko duelakoan baitaude auzo elkarteko ordezkariak.

Horiek horrela, ohiko auzo elkartean bilerak eta orain arte antolatu dituzten AEKren euskara ikastaroak, ingeles klaseak eta marrazketa tailerrekin jarraituko dute. Baina Auzoko Lokala izendatu duten espazio berrian, momentuz, gimnasia, pilates, taichi eta haur eta gazteei zuzendutako errefortzu eskolak emango dituzte. Argitu dutenez, auzoko eragile eta norbanakoei bertan tailerrak eta jarduerak eskaintzeko aukera zabalik jarraitzen du.

Informazioa eta izena emateko xehetasun gehiago  larreaundiolaberria.org atarian topatuko dituzue.