Indarkeria matxistaren «trapu zaharrak» salatzera animatzen ditu Irungo Udalak 60 urtez gorako emakumeak

Koldo Nausia 2025ko urt. 9a, 12:43

40 urtez edo gehiago indarkeria matxista pairatu arren, biktima direla identifikatzen ez duten 60 urtetik gorako emakume asko dagoela diote azken azterketek. Kolektibo honek bere egoeraz kontzientzia har dezan batetik, eta bestetik, kronifikatutako indarkeriak eragindako dependentzia ekonomikoari makurtuta bizitzeari utzi eta salatu dezan,"Ez Gorde Trapu Zaharrak Etxean" kanpainari ekin dio Irungo Udalak.

Irungo Udaleko Berdintasun arlotik indarkeria matxistaren biktima diren 60 urte baino gehiagoko emakumeak babestu nahian, "Ez Gorde Trapu Zaharrak Etxean" kanpaina antolatu du. Bizi etapa garai hauetan biolentzia fisikoa, psikologikoa, emozionala eta ekonomikoaren biktima diren askok bizi duten egoera dela eta, indarkeria matxista kasu gutxien salatzen duen kolektiboa baita. Eusko Jaurlaritzak egindako azken azterketen emaitzak hala diote, eta hau berretsi egin dute Irungo Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik ere.

Silvia Mendez Berdintasun teknikariak azaldu duenez, «udalak atenditzen dituen eta ertzain-etxera indarkeria kasuak salatzera hurbiltzen diren emakumeen artean, adineko oso gutxi izan ohi direla identifikatu dugu». Errealitatea, aldiz, bestelakoa da. «Egoera berezia izan ohi da 60 urtetik gorako biktimek bizi dutena», dio Mendezek, «askok ez dute biktima direnik kontziente, eta eguneroko harremanetan zenbait egoera normalizatuak dituzte urteen poderioz». Izan ere, belaunaldi berriekin alderatuta, faktore eta parametro desberdinek osatzen dute haien errealitatea. «Askotan 40 urte edo gehiagoko harreman batean oinarritutako biolentzia matxista pairatzen dute, urteen poderioz modifikatzen eta kronifikatzen joan dena», azpimarratzen du teknikariak. Gainera, «egoerari eutsi» eta «familia batuta mantendu beharraren» kulturan hezituak izan diren emakumeak dira.

Laguntza eta babesa

Hala ere, gizona jubilatu orduko, urtetan pairatutako egoera latza okertu ohi dela ohartarazi dute adituek, eta hain justu, gabonak pasa ahala kanpaina antolatu badute, garai hauetan erasotzailearekin etxean denbora gehiago pasa berri dutela kontuan hartuta izan da. «Ez dakite biktima direla identifikatzen, baina baliteke zalantzak edukitzea, eta hala bada, gehienetan biktima izan ohi dira, beraz, salatzera animatu nahi ditugu. Maitasuna ez dezaten kontrolarekin nahastu», argitu du Nuria Alzaga Berdintasun arloko zinegotziak.

Udala laguntzeko eta babesteko ez ezik, «entzuteko» dagoela gogoratu du, eta horretarako 900 840 111 telefonoa martxan dute. Bertan indarkeria matxistaren biktimak laguntzeko udalak aktibatu ditzazkeen zerbitzu eta babes-neurri guztiei buruz informatu daitezke. Eta hau garrantzitsua dela deritzo zinegotzi sozialistak. Izan ere, salatzera animatzerako garaian oztopo handienetako bat biolentzia ekonomikoa izan ohi da. «Belaunaldi hontako emakume askok dependentzia ekonomiko handia dute, eskuak lotuta dituzte eta beldur dute horregatik, udalak laguntza eskaini dezake beti», argitu du Alzagak.  

Era berean, Irungo Emakumeen Etxean joan den azaroan psikologo eta profesionalen eskutik indarkeria matxistaren biktimak artatzeko zerbitzua martxan jarri dutela oroitarazi du Silvia Mendez teknikariak. Astero biltzen dira taldean eta psikologo baten laguntzarekin haien esperientziak partekatzen dituzte eremu seguru batean. «Etxeko errealitate gordinetik atera, eta beraiei gertatu zaiena edo bizitzen ari direna beste emakumeei ere gertatu zaiela ohartzea ezinbestekoa da», uste du udal teknikariak.

Kanpaina komunikatibo zehatza

"Ez Gorde Trapu Zaharrak Etxean" kanpainaren leloa horregatik hautatu dutela argitu du Nuria Alzaga zinegotziak ere. «Beti esan ohi da trapu zaharrak etxean garbitzen direla, baina kasu honetan kontrako mezua helarazi nahi diegu, argi eta garbi, isolatuak egon daitezkeen eta indarkeria matxistaren biktima diren emakume hauei», dio.

Kanpainaren mezua haiengana heldu dadin ere, ohiko autobus markesina eta kanpaina komunikatiboarekin batera, hirugarren adineko emakumeak ibili ohi diren gune estrategikoetan kartelak eta informazioa banatuko dute. Irungo adinekoen lokal eta zentro desberdinetan (erabiltzaileen %86a emakumezkoa izan ohi da), osasun zentroetan eta farmazietan besteak beste.