Gurasotasuna eta bizitzako krisiak umorez lantzen dituen “Leinu” zirku garaikidea Irunen izanen da larunbatean

Aitziber Zapirain 2025ko urt. 13a, 16:00

Bizitza profesionala eta pertsonalaren arteko mugak hausnargai ditu ikusgarriak, akrobazia, dantza, antzerkia eta kantuaren bidez. Berdinki konpainiaren bigarren lana Amaia KZn izanen da larunbat iluntzean.

Bost urte pasa dira Berdinki konpainiaren hegalpean sorkuntzan ari direla Irati Gonzalez Jaimerena eta Koldo Arakistain Irazusta. Zirku artistak dira biak ala biak, eta elkarrekin konpainia sortu baina urte pare bat lehenagotik ere hainbat proiektutan elkarrekin aritu ziren lanean. Azken urteotan, Mikra pieza eta bertze hainbat proiekturekin Euskal Herri luze-zabalean aritu dira, azaldu dutenez zirkuak gurean bizi duen “loraldia” probextuz.

Leinu ikuskizun berriari dagokionez, “gai oso unibertsala” duen lana dela aipatu du Irati Gonzalezek. “Gurasotasuna eta lana” bezalako gaiak ditu erdigunean, baina ikuspundu pertsonal batetik landu dituzte, publikoaren aitzinean “metaforikoki biluztuz”. Publikoarekin konektatzea ahalbidetzen die honek artistei, bizipenak berdinak ez izanik ere ikusleak bere istorio pertsonalak Leinun islatuak ikusten baititu.

Giro ezberdinen nahasketak ere eraiki du Leinu: “egia” kontatzen den momentuak, errealitatearen errelatoak, ikuslearengana iristeko baliatzen dituztenak batetik, eta “disparate” momentuak bertzetik, irria errazago eragiten dutenak, publikoari lasaiago egotea ahalbidetzen diotenak.

“Konfiantza, sinkronia, sostengua”

Bikote artistikoa da Berdinki, eta kolaboratzaile andana inguruan duten arren, Irati eta Koldo dira muina. Proiektu handiagoetan elkarrekin lanean hasi zirenean haiek bien arteko “unitatea indartua” zegoela somatu zuten, Arakistainek azaldu duenez, eta hortik harremana indartzen joan ziren.

“Bikote” hitzak duen karga afektibo-erromantikoaz jakitun, eta bakoitzaren bikoteak ere Berdinkin jokatzen duen errola ikusirik, “polimaitasunaren antzeko zerbait” da haiena Koldo Arakistainen ustez, “maitasun erromantiko hori izan gabe”. Oholtzan egiten duten zirkuak ezinbertzekoa du bikote barneko konfiantza; elkarren sostengu dira, eta harremana berezi hori da proiektuaren oinarri.

Abendu bukaeran Zarautzen estreinatu zuten Leinu, eta azken egunetan Getxon izan ondotik Irungo Amaia Kultur Zentroa izanen dute hurrengo geltoki, hilaren 18an, arratseko 19:00tan. Sarrerak sarean erosi daitezke.