Enpresaren kontrako neurri juridikoak hartuko ditu Irungo Udalak CBAko obrak ez bukatzeagatik

Antxeta Irratia 2025ko urt. 15a, 11:01

CBA udal liburutegiko bigarren faseko obrak amaitutzat eman ditu enpresak, eta giltzak notario bidez entregatu dizkio udalari. Baina udaleko zerbitzu teknikoek ebatzi dute hainbat lan bukatu gabe daudela, eta beraz, esleitutako 3,8 milioi euroko kontratua ez dela bere osotasunean bete. Zigor espedientea zabaldu die udalak eta isun ekonomikoak jarri ere. 

Nahi eta behar baino gehiago luzatzen ari dira CBA udal liburutegiaren bigarren faseko lanak. Idenort PV SLU-Proviser Iberica enpresari esleitu zizkion udalak lan horiek, eta enpresak bukatutzat jo ditu. Udalak, aldiz, kontratua ez betetzea egotzita, isun ekonomikoak jarri dizkio. Lanak bukatzeko eskaria egin dio enpresari, baina honek obraren giltzak eman dizkio udalari, notario bidez. Udalaren arabera, jokabide hau kontratuaren legearen aurka doa, eta udal gobernuak joan den abenduaren 11n erantzun zien atzera botatzen zuela enpresaren erabakia.

Izan ere, zerbitzu teknikoek ebatzi dute zenbait jarduera egiteke daudela oraindik, eta beraz, ezin dela obra bukatutzat eman. Gaur egungo baldintzetan udalak ezin baitu gune altzariz hornitu eta aurreikusi bezala, kultur areto berria martxan jarri eta udal liburutegiaren zerbitzua zabaldu. Irungo Udalak argi du kontratua ez dela bete bere osotasunean, eta zigor espedientea zabaldu dio enpresari isun ekonomikoak jarriz.

Datozen egunetan legezko neurri egokiak hartuko dituztela aurreratu dute. Gogoan hartu, CBA kulturgunearen eremu  berrian 3.877.326,89 euroko inbertsioa egin duela Irungo herriak.