Erdiguneko barrakoiak ordezkatzeko lokal bat utziko dio Irungo Udalak Osasun Sailari

Antxeta Irratia 2025ko urt. 16a, 10:03

EAEko paziente ratiorik handiena duen Irungo Erdiguneko anbulatorioan kokatutako barrakoiak ordezkatuko dituen 588 metro koadroko lokala eskaini dio Irungo Udalak Osasun Sailari. Lapitze-Elitxuko Alarde eraikinean kokatuta dago, eta Oinaurreko osasun zentro berria eraiki bitartean erabiliko litzateke. Aldiz, Eusko Jaurlaritzak egokitu beharko duenez, Osasun Sailaren erantzunaren zain dago udala.  

Osasun Bidasoa Plataformak 2023ko azaroan markatu zuen bide-orriari jarraituz, Irungo Udalak Erdiguneko anbulatorioaren barrakoiak ordezkatzeko 588 metro koadroko lokal bat utziko dio Osasun Sailari. Cristina Laborda alkateak adierazi duenez, Lapitze-Elitxuko Alarde eraikinean dagoen lokala proposatu dio Osasun Sailari eta erantzunaren esperoan dago udala. Alkateak azaldu du gunea egokitu egin behar dela, baina lan horiek egitea Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela. Bertan, lehen arretako hainbat kontsulta kokatuko lituzkeke. Eta Osasun Bidasoak eskatu zuen bezala, kontsulta hauek Oinaurreko zentro berria eraiki bitartean erabiliko luke Osakidetzak. Izan ere, behin-behineko anbulatorio bat ireki beharko litzakeela uste du plataformak Irungo Udalak utzitako lokal batean, familiako mediku, erizain eta administrariekin, Irun Erdiguneko anbulategian dauden barrakoiak kentzeko. 

Gogoratu beharra dago, pandemia garaian iada, txertaketa kanpaina masiboa egiteko ere, udalak Elitxun (Euskal Herria hiribidean) lokal bat utzi ziola Osakidetzari. Oraingo honetan, aldiz, 2022az geroztik OSI Bidasoan areagotu egin diren arazoei erantzuteko ezinbestekotzat jotzen dute orain udalak proposatu duena. Erdiguneko anbulatorioan instalatutako barrakoietan odol analisiak egin izan dituztenean, negu gorrian frogak eta zenbait material izoztera iritsi baitira.

Lehen Arreta prekarioan

Osasun Sailak onartu du lehen arretaren egoera larria dela Bidasoaldean, eta Osasun Bidasoak dio osasun langileen lan baldintzak ere txarrak direla, eta profesionalek ez dutela eskualdeko lehen arreta zentroetan lan egin nahi. Azpiegiturak sobera zaharkituak daudelako eta eskax geratu direlako batetik, eta mediku-paziente ratioak EAEko handienak direlako bestetik. Dunboakoa 80. hamarkadan eraikia txiki geratu da, baina ezin da handitu. Irungo Erdigunekoan, aldiz, 21 mediku dira gaur egun, eta 1.800 metro karratutan 38.000 pertsonari eskaintzen die arreta, eta arratsaldeko larrialdiak ere jasotzen ditu.

Osakidetzako EAEko sare osoan paziente gehien dituen anbulategia izanik. 50. hamarkadako eraikina da, eta urteotan itxaron gelak eta komunak kontsulta bilakatu dira. Esterilizazio zerbitzua eskailera batzuen azpian dago kokatuta, aldageletan ez dago ez dutxarik ezta komunik ere, eta arreta telefonikoa eta adminsitrazioa ganbaran ere birkokatu izan duten bitartean, barrakoiak ere egokitu behar izan dituzte zenbait zerbitzu segurtatzeko.

Jakina den bezala, Irungo Udalak 2011an Oinaurren anbulatorio bat eraikitzeko eskaera luzatu zion Osasun Sailari, baita horretarako lursail bat erreserbatu ere. Eta eztabaida politiko zurrun eta luze baten ondotik, 2024. urtean lortu dute Irun eta Hondarribiko udalek Eusko Jaurlaritzarekin Oinaurreko erietxearen proiektua eraikitzeko hitzarmena. Bidenabar, proiektua erredaktatzeko aurrekontua onartuta badago ere, osasun zentro berria ez da epe laburrean errealitate izango, eta Erdiguneko lehen arreta zerbitzua hobetzeko alternatibak bilatu nahi izan ditu Irungo Udalak 588 metro koadroko lokal hau Osasun Sailari lagatuz.