Ficobako Iñigo Lavado jatetxean emana dute hitzordua ostegun honetan 19:00etan. Joseba Arozena, 837 komunikazio agentziakoko ordezkariak azaldu digunez, Sebastian Hiribarrenekin batera jarri du negozio klub berezi hau proposatzeko aukera martxan. «Abiapuntua besterik ez da, bertan ikusiko dugu interesa dagoen ala ez, gure ideia da mugaz gaindiko enpresen kluba sortzea, beharra dagoelako», dio Arozenak. Izan ere, elkarteek eta herritar langileek bezala, enpresek ere traba administratibo ugari aurkitzen dituzte mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak egiterakoan. «Herri bat gara, baina egia esan hizkuntza aldetik zein enpresa kulturaren aldetik edo administrazioan dauden desberdintasunek arazoak sortzen dituzte, ezezagutza handia dago, eta zubi bat eraikitzeko helburua dugu», argitu du Aurrera Negozio Klubaren antolatzaileak.
Aurreneko topaketa honetarako sektore desberdinetako 30 enpresa baino gehiagok eman dute izena. Eta topaketan parte hartzerik ez duen orok, informazioa eskatu dezakeela gogoratu dute, aurrerantzean elkarlana eta aholkularitza eskainiko duten heinean, interesgarria delako.
«Esperientziak partekatu nahi ditugu, eta topaketa giro eroso batean emango da, elkar ezagutzeko», azaldu du Joseba Arozenak, «baina negozio egiteko aukera izango dute». Hazia ereiteko helburu horrekin ari dira lanean, mugaz gaindiko enpresekin orain duela hiru urte lanean hasi zirenetik. 837 enpresan Hegoaldeko zein Iparraldeko enpresen komunikazio kanpainak mugaz bestalde antolatzen hasi ziren, eta «hor ohartu ginen beharra zegoela, eta gure bezeroekin oinarri on bat daukagu dagoeneko, baina beste enpresa asko gonbidatu ditugu», dio.
Hari beretik, urtarrilaren 23ko lehen topaketa harreman eta negozio berrien iturri izan daitekeelakoan dago. Adibideak jarri ditu, Hegoaldeko jantzigintza fabrika batek Iparraldeko marka bat ezagutu eta elkarrekin proiektu berri bat martxan jarri dezake, adibidez. «Portugalen, Italian edo Txinan bilatzen dute hornitzailea askok, jakin gabe beharbada 20 kilometrora Bidasoaren bestaldean badutela aukera». Aurrera Negozio Klubak aurrera egingo badu, beraz, halako aukera berriak ahalbidetuko dituela uste dute antolatzaileek.