75 urtetik gorako irundarren isolamendua prebenitzeko programa indartu dute

Koldo Nausia 2025ko urt. 22a, 11:29

Egoera zaurgarriak identifikatzeko urteroko lanketan 244 lagunen egoeraz interesatzeko, Amagoia Caballero psikologa berria haiekin harremanetan jarriko da. Laguntza behar dutenentzako, aldiz, estimulazio kognitiboa eta trebetasun sozialak lantzeko tailerrak eskaintzen dituzte Iraso zentro sozialean, Palmera Monteron eta Elitxu zein Artiako auzo elkarteetan.

Irunen bakarrik bizi diren adineko pertsonen isolamendua prebenitzeko programa indartu egin dute. 2008an abian jarri zuten Gizarte Zerbitzuetatik, adineko pertsonen autonomia ahal bezainbat luzatzeko eta haien osasun fisiko, mental eta emozionala erdigunean jartzeko helburuarekin. Hala, 75 urtetik gorakoentzat zuzenduta dago eta Amagoia Caballero psikologak kudeatuko du hemendik aurrera.

Udalak jakinarazi duenez, iaz 40 lagunek parte hartu zuten programan proposatzen dituzten tailerretan, eta gaur egun 47 erabiltzaile dituzte, baina oraindik plaza libreak daude interesa duen ororentzat. Estimulazio kognitiboa eta trebetasun sozialak lantzeko tailerrak eskaintzen dizkiete adinekoen zentro sozialetan. Parte hartzaileen %85 inguru emakumezkoa da.

Urtarrilaz geroztik Palmera Monteron astelehenero, 10:00etatik 11:30era eta, ordutegi berean, asteazkenetan Iraso zentro sozialean antolatzen dituzte. Baita Leka Enean ere, asteazkenetan 12:00etan. Aurtengo berrikuntza gisa, lehendik ere egiten ari ziren tailer horietaz gain, astean beste bi gehiago antolatu dituzte. Bata Artiako auzo elkartean, asteartero 10:00etatik 11:30era, eta bestea Elitxuko auzo elkartean, astelehenetan 16:00etatik 17:30era.

Isolamendu egoerak identifikatzen

Aipatutako tailerrak bakardade egoeran edo laguntza beharretan diren pertsonei zuzenduta daude. Eta zentzu horretan, isolamendu egoeran egon daitezkeen 75 urtez gorako irundarrak identifikatzeko urteroko lanketan ari dira ere. Gizarte Zerbitzuetatik argitu dutenez, bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonekin harremanetan jartzen dira urtero, gizarte laguntzetako baliabideen erabiltzaileak izan edo dependetzia mailaren bat aitortua eduki ala ez, urte batetik bestera euren egoera aldatu daitekeelako. Hortaz, isolamendua prebenitzeko programa eskaini ahal izateko gutuna bidaltzen diete urtero, eta ondoren programa kudeatzen duen psikologa telefonoz jartzen da haiekin harremanetan. Aurten 244 adineko pertsonekin jarriko dira harremanetan. 

Iazko programan bakarrik bizi ziren 240 adineko pertsonekin jarri ziren harremanetan, eta horietatik %71a, isolamendu arrisku larririk ez zuela ondorioztatu zuten Gizarte Zerbitzuek. %22ak, aldiz, harreman sozial eskaxak zituzten, eta %3ak kalte kognitiboak pairatzen zituen eta bakardade egoeran isolamendu arriskuan zen.