Abuztuaren 12tik 23ra bitartean urteroko udalekuak antolatuko ditu Betti Gotti euskara taldeak Zuhatzan. Adin tarte desberdinetako hiru txanda izango dira, 8 urtetik gorakoentzat, 12613 urtekoak eta 14-15 urteko nerabeentzat ere, Pirinioetan egonaldi batekin borobiltzen duten eskaintza egingo dute, aurretik 10 egun Zuhatzan ur-kirolekin gozatu ondoren. Pirinioetan, Val d'Aranen abentura kirolak eta lan komunitarioak ere egin ohi dituzte. Aurreko urteetan, adibidez, erreka baten garbiketa lanak egin zituzten.
Datak finkatuta, eta uda oraindik urrun geratzen bada ere, udalekuak kudeatuko dituen begirale taldea osatzen ari dira egunotan. Urtarrilaren 24an (egun hau barne) itxiko dute begirale eta zuzendari postuak osatzeko egin duten deialdia. Ekiñe Etxartek, Betti Gotti elkarteko kideak azaldu digunez, 20 begiraleko taldea izaten da, eta iazko begirale batzuk mantentzen dituzten arren, hau osatu beharretan dira. Bereziki zuzendari lanetan ariko den norbait.
Begirale gisa lan egiteko interesa duen orok, 18 urtez gorakoa behar du, eta Aisialdirako Begirale titulua behar du. Argitu dutenez, titulu hau lortzeko egin beharreko 160 orduko praktikak egin behar dituzten gazteak ere onartuko dituzte. Bestalde, zuzendari posturako 21 urte behar dira gutxienez, eta Aisialdirako Zuzendari tituluduna izan. Betti Gotti elkarteko webgunean fitxa bete behar da.
Etxartek iragarri duenez, martxoan bilerak eta formakuntza egingo dutenez, asteburuetan disponibilitatea segurtatu beharko dute. Xehetasun gehiago behar izanez gero,Instagram, X eta Facebook sare sozialetan ere dago Betti Gotti euskara taldea.