Gizartea zahartzen ari da. Gero eta gehiago bizi gara, eta gero eta gehiago dira orain arte ez ohiko adinetara heltzen direnak. Zahartze aktiborako politika sozialak bultzatzeaz gain, erakunde publikoetatik zaintza lanak berrantolatzeko eta baliabideak indartzeko hausnarketa betean dira. Izan ere, biztanleriaren zahartze progresiboak suposatzen duen erronkari erantzuteko, zaintza eredu komunitarioan urratsak ematen hasi da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta zainketa eta adinekoen babesa «lehentasunezko helburua» dela azpimarratu dute.
Izan ere, gaur egun lurraldeko herritarren %37k du 55 urtetik baino gehiago, baina 2031 urterako %45 izango da adin hori gaindituko duen kopurua. 65 urtez gorakoak, aldiz, %24a suposatzen du dagoeneko. Baina hirugarren adina txiki geratu da, eta geriatrek laugarren adina markatzen dute 80 urtetik gorakoen kolektiboa. Zahartzaroak sorrarazten dituen behar eta atentzioak nabarmen emendatzen baitira adin hortatik aurrera, baita gaixotasun kronikoak ere.
Zentzu honetan, Gipuzkoa mailan laugarren adineko biztanle kopururik handienetako duen udalerrien artean kokatzen da Irun. Atzo, urtarrilak 22, Vicenta Perez Manzanedok 100 urte bete zituen. Eta ez ohikoagatik, halakoetan egin ohi duten bezala, udal ordezkariak hurbildu ziren bere etxera urtebetetzea zoriontzeko. Baina mendea betetzen duten irundarren kopurua ikusita, ez da hain ez ohikoa. Vicenta izan da 2025 honetan 100 urte betetzen aurreneko irundarra, eta berarekin langa hori gainditu duten 43 irundar daude hirian. Eta oraindik urtebetetzea ospatu ez duten beste 20 lagun dira 1925ean jaiotakoak. Aldiz, EAE mailan 925 zentenario daude EUSTAT estatistika instituoaren arabera. Eta horietatik 286 Gipuzkoan. Hortaz, Irungo hiriak nabarmen igotzen du batez bestekoa.
Bestalde, laugarren adinari dagokionez, EUSTAT estatistika institutoaren azken datuen arabera, 80 urtetik gorako 4.993 biztanle bizi dira Irunen (3.087 emakume eta 1.906 gizonezko), bertan erroldatutakoen %8,22a suposatzen duelarik. Horietatik 1.260 irundar dira 90 eta 100 urte artekoak, ororen %2,07. Adin horretan ere, emakumezkoak (847) gailentzen dira, 413 gizonezkoekin alderatuz.