Nafarroa hiribideko galtzada asfaltatuko dute goitik behera

Koldo Nausia 2025ko urt. 27a, 11:40

Irungo Udalak 300.000 euro bideratuko ditu apirila arte luzatuko duten kanpainan sei kale asfaltatzeko. Nafarroa hiribideaz gain, Pikoketa, Aldapeta, Francisco de Gainza, Araba eta Iparraguirre kaleetako galtzada ere berrituko dute. Bestalde, konponketa txikiak behar dituzten beste kaleetan ere "batxeo kanpainaren" lanak uztartuko ditu ORSA enpresak.

 

Herritarrek HAZ-SAC bulegoan egin ohi dituzten eskariei erantzunez, baina bereziki, Irungo Udaleko Obra, Mantenu eta Azpiegitura arlotik urtero egiten duten auzo eta hiriguneko errepideen egoeraren azterketan oinarrituta, ia urtero egiten duten asfaltatze kanpainari ekin diote gaur. Orotara 300.000 euro bideratuko dituzte behar handiena agertzen duten kaleak asfaltatzera. Haien artean, hiriko trafikoaren ardatz nagusietako bat, Nafarroa hiribidea.

Jon Ugarte, arloko zinegotziak argitu duenez, kale honen bi zentzuak eta Dunboako kanalaren bi aldeetara 560 metro luzeko asfaltatze lanak gauez egingo dituzte, zirkulazioa ahalik eta gutxien oztopatzeko. «Asfaltatze lan hauen atzean hausnarketa lan sakon bat dago, batetik behar handiena non dagoen identifikatu behar delako, eta bestetik, argitu behar delako eremu horretan hirugarren erakunde edo partikular batek ez ote duen beste obra baten ondorioz errepidea ukituko», azaldu du Ugartek. 

Nafarroa hiribidea gauez asfaltatuko dutela argitu du Jon Ugarte zinegotziak, trafikoarekin pentsatuz.

Oraingo honetan, hiriko sei kale asfaltatuko dituzte apirila bitartean luzatuko duten kanpainan. Aipatutako Nafarroa hiribide osoaz gain, Pikoketa eta Aldapeta karrikak (Kale Nagusiaren eta Joaquín Gamon kalearen arteko zatia), Francisco de Gainza kalea (Colon ibilbidearen eta Beraketa karrikaren arteko zatia), Araba kalea eta Iparraguirre kalea (Harrobieta kalearen eta Bienabe Artia kalearen arteko zatia).

Kaleen asfalto egoera ona orokorrean

Jokin Berridi, Obra eta Mantenu arloko teknikariak argitu duenez, udala auzo guztietara heltzen saiatzen da. «Egia da trafiko gehien duten kaleek lehentasuna dutela, horregatik duela bi urte Colon ibilbidea egin zen, eta ardatz nagusiaren bigarren zatia egingo da orain, Nafarroa hiribidean. Baina auzo guztiak kontutan hartzen saiatzen gara», argitu du. Hortaz, «urtez-urte dirua bideratzen den heinean, leku guztietara iritsiko gara», iragarri du, plangintzaren orain arteko emaitzak azpimarratuz «dena den, orohar, Irungo kaleetako errepide sarea nahiko baldintza onetan mantentzen ari gara». 

Nolanahi ere, ohiko asfaltatze kanpaina heltzen ez den lekuetara ere ahaleginak bideratzen dituztela ohartarazi dute udal ordezkariek. Izan ere, lau urteko beste kontratu bat indarrean dute ORSA enpresarekin ere, urtero konponketa txikiak beharrezkoak dituzten kaleetan “batxeo” lanak egiteko. «Bi lanak uztartzen ditugu, eta oso ondo datorkigu, askotan arazo txiki asko dagoelako, estali beharreko zuloak edo metro koadro gutxiko betetze lanekin konpondu daitekeena, eta kontratu horrekin lortzen dugu irtenbidea ematea».