Euskal Herri Inauteria prestatzeko ikastaro irekia antolatu du Kemen dantza taldeak

Antxeta Irratia 2025ko urt. 28a, 14:25

Martxoaren 1ean inaute aurre egunean Euskal Herri Inauterian parte hartzeko ikastaro irekia antolatu du Kemen dantza taldeak. Otsaileko ostegun guziz 19:00etan Urantzu pilotalekuan eskainiko dituzte dantza ikastaroak. Aurten Tolosaldeko Lizartzako inauteria ekarriko dute Irungo karriketara.

Kemen dantza taldeak ohitura duen legez, Euskal Herri Inauteria ospatuko du Irunen inaute aurre egunean. Azken urteetan Luzaideko bolantak, edota Lapurdiko herri ezberdinetako inauterietako dantza eta jantzi koloretsuak prestatu ondoren, Tolosaldeko Lizartza herria izango dute aurtengo gaia. Ez da aurreneko aldia Lizartzako baserriz-baserriko Puska Biltzea Irungo karriketara ekartzen dutela.

Izan ere, Kemen dantza taldeak Txolar dantza taldearekin harremana du aspaldi, eta Hondarribia Dantzan ekitaldira gonbidatu izan dituzte. Inauteriei dagokienez, 2016ean iada Lizartzako puska biltzea irudikatu zuten Irunen txuriz jantzita, eta lepoan zein gerrian koloredun zapiekin eta txapela gorriekin. Bestelako berezitasunik ez du jantziei dagokienez, eta pertsonaiei dagokienez, kapitaina eta sargentoa txaketa gorri eta beltzarekin doaz. 

Nolanahi ere, aurten martxoaren 1ean inauteri komertzialetatik harago joan, eta Euskal Herrian beste mota bateko inauteriak ere betidanik ospatu izan direla erakusten du urtero Kemen dantza taldeak. Eta urtean zehar euskal dantzan aritzen direnei ez ezik, inauterietan haiekin bat egiteko gonbidapena ere luzatu dute. Parte hartu nahi duen orori zuzendutako ikastaro irekia antolatu dute horretarako. Otsailaren 6, 13, 20 eta 27an (denak ostegunak) Urantzu pilotalekuan egingo dituzte 19:00etatik 20:00etara. Izen-emateko 686 87 22 07 telefonora deitu behar da.

Bestalde, Kemen dantza taldeak martxoaren 1ean ospatuko duen Euskal Herri Inauteriaz gain, larunbata inaute egunaren ondotik, usadio zaharra atxikitzen du oraindik, Irungo landa eremuko baserriz-baserri puska biltzean ibiltzeko.