Santiago auzora bisita egingo du gaur alkateak bizilagunen iradokizunak jasotzeko

Antxeta Irratia 2025ko urt. 29a, 10:07

Maiatzean Alkatea Auzoetan programari ekin zionetik, Cristina Laborda alkateak bisitatzen duen seigarren auzoa izango da Santiagokoa gaur, hilaren 29an. Auzo elkarteko kideek lagunduta auzoan behar diren hobekuntzak ezagutzeko bisita egingo du 17:00etan, eta 19:00etan bizilagunekin bilera irekia izango da Santiago-La Bañera auzo elkartearen egoitzan. 

Alkatea Auzoetan programari joan den maiatzean berrekin zion Labordak, eta Behobian, Urdanibian, Lapitze-Elitxun, San Migelen eta Arbesen egon eta gero, Santiago izango da hurrengo geltokia, auzo elkartearekin koordinatuta. Urtean zehar Irungo 17 auzoetatik pasako dela iragarri dute. Udalak gogoratu duenez, bisita hauen helburu nagusia da «herritarren ideiak, kezkak eta iritziak bertatik bertara ezagutzea da». Alkateak azpimarratu du «itxuraz txikiak diren proiektuen bidez, parte hartzean oinarritutako hiri inklusibo bat eraiki» nahi duela.

Bestalde, bilera ireki honetara hurbiltzerik ez duten auzokideekin pentsatuz, aurreko edizioetan bezala, Irungo Udalaren webgunean proposamenak eta iradokizunak aurkezteko gune bat gaituko du udalak astebetez. Atal horretan, Alkatea Auzoetan programan hartutako konpromisoen betetze maila eta segimendua egiteko aukera ere ematen dute.

Entzuketa aktiboa eta erantzuna

Zentzu honetan, joan den urriaren 17an Arbes auzora egindako bisitan alkateak jasotako iradokizunak aztertu ondoren, hainbat eskaerari erantzuteko konpromisoa hartu du udalak. Jakinarazi dutenez, Palmera Montero eta Arbesko Errotaren inguruetan bizpahiru banku instalatuko dituzte, Arbesko Egoitza berriaren proiektuari buruz informatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin auzotarrei zuzendutako bilera antolatuko du, eta Jose Antonio Loidi Bizkarrondo kalean baterian dauden aparkalekuak berriz margotzeko lanak burutuko dituzte.

Hamarkada luzea darama Irungo Udala programa honi esker udalgintzan «mikro-politika» egiten. Zehazki, Jose Antonio Santano alkate zela, 2011ko abenduan egin zen aurreneko bilera Larreaundi auzo elkartean. Eta aurtengo programa martxan jarri arte egindako beste 50 bilkuretan 1.621 eskaera jaso ditu udalak, horietatik %83an auzokideekin konpromisoak hartzeaz gain, kasuen %84an aurrera eraman edo exekutatu diren proiektuak dira horren fruitu. Izan ere, alkateak dio «entzuketa aktiboa ez ezik, auzotarrei erantzutea» dela egitasmo honen helburu nagusia.