Proiektu estrategikoak desblokeatzeko PSE-EAJ gobernu koalizioa akordatu dute Irunen

Koldo Nausia 2025ko urt. 29a, 13:57

Cristina Laborda alkatearen arabera, «Irungo proiektu estrategikoak» eta «instituzioen arteko lankidetza» ahalbidetuko duen akordioa da. Jeltzaleen ustez, «akordioa berandu iritsi da, baina irundarrek ezin dute gehiago itxaron». EAJk Segurtasuna eta Bizikidetza, Euskara, Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, eta Obrak, Mantenu eta Azpiegituren arloak kudeatuko ditu. 

Irungo Udalak bere hirugarren gobernu berrantolaketa egingo du 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeez geroztik. PSE-EE eta EAJ-PNVk gobernu koalizioa osatzeko akordioa aurkeztu dute gaur, eta 2025eko udal aurrekontuak onartzeko ere, urtarrilaren 31n udal osoko bilkura deitu dute bide batez. Koalizio berriak «Irungo hiriarentzat estrategikoak diren hainbat proiektu aktibatzea» ahalbidetuko duela azpimarratu du Cristina Laborda alkateak.

«Asmo handiko Irun bat lortzeko instituzioen arteko lankidetza ezinbestekoa» dela dio, eta Eusko Jaurlaritzan eta Gipuzkoako Foru Aldundian ez ezik, Madrilen ere bi alderdiek lortu duten lankidetzaren bide beretik eraiki nahi dute Irun agintaldi honen bigarren partean. 

Kontorsionismo politikoa

«Irun desberdina da, ez da edozein hiri» azpimarratu du Labordak. Izan ere, Irun beti izan da kontorsionismo politikoarentzat eremu egokia. Akordio eta kontsentsu politiko posible guztien laborategia. Alberto Buen Lacambrak (PSE-EE) 1983an Ricardo Etxepare Zugastiren (EAJ) lekukoa hartu zuenetik alkatetzan, sozialistek agindu dute udaletxean. Eta 2002-2023 urtealdian Jose Antonio Santanorekin lehenik, eta Cristina Labordarekin orain ere, PSE-EEk Irunen gehiengoa lortu ez duen bakoitzean bidelagunak bilatu ditu gobernu koalizioen bitartez agintaldia aurrera atera ahal izateko. Hala egin zuen PP (2005-2007), EAJ-PNV (2015-2018) eta Elkarrekin Podemosekin (2020-2023), eta jeltzaleekin errepikatzen du orain.

Abenduaren 19ko udalbatzan Cristina Labordak 2025eko udal aurrekontuak «akordio eza ikusita mahai gainean uztea» erabaki eta gero iritsi da oraingo akordioa. «Ez lehenago, ezta beranduago ere, kontsentsua lortu den momentuan baizik», azpimarratu du alkateak. Jeltzaleek, aldiz, argi utzi dute beti izan dutela elkarrizketarako prestutasuna, eta akordioa «berandu iritsi bada ere, hiriak eta irundarrek ezin dute gehiago itxaron» Irungo EAJren arabera. Hala, joan den urriaren 11n Gorka Alvarez bozeramale jeltzaleak Irungo batzokian irudikatu zuen «elkarrizketa eta harreman apurtzea» ate atzean geratu da orain. Egindako agerraldi hartan sozialistei «akordio markoa betetzeko eta gobernua osatzeko borondate falta» leporatu zieten jeltzaleek, eta «negoziaketarako denbora amaituta, oposizioa da gure lekua» argudiatu zuen Alvarezek 16 hilabeteko negoziaketak bertan behera utzita. 

Lau hilabete eskax iragan dira. Eta «irundar guztien interesen alde egiteko beharra» aldarrikatu dute gobernu koalizio berria osatzeko oinarrian. «Irundar guztiak aterako dira irabazten» nabarmendu du Josune Ugarte Irungo EAJren batzokiko buruak, «hiriak gobernu sendo bat behar du proiektu estrategikoei aurre egin ahal izateko». 

Proiektu estrategikoak aktibatzeko garaia

Haatik, ostiralean onartzera eramango dituzten 2025eko udal aurrekontuak, oinarrian abenduan aurkeztutako beretsuak direla aitortu dute Nuria Alzaga sozialistak eta Gorka Alvarez jeltzaleak. Udaltzaingoaren lantaldea handitzeko keinuaz gain, ez dira aurrekontuak izan korapiloa askatzeko arrazoia. Cristina Labordak berak iragarri du «Irun transformazio bete-betean dagoela, eta agintaldi hontatik harago doan asmo handiko hiri proiektua» ahalbidetuko duela akordioak.

Hortaz, 2023ko hauteskundeak sozialistek irabazi zituzten, baina eguneroko udalgintza kudeaketaz gain, EAJ-PSE akordio markoa Irunen ere aplikatu den artean, ez da hiriarentzako estrategikoak diren proiektuak desblokatzeko atea ireki ahal izan. Bi gobernukide berriek azpimarratu dituzten proiektu estrategiko guztiek Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomiko eta instituzionala ezinbestekoak dituzte. Hartara, Ficobako IAM pabiloi erabilanitza, Hegoaldeko sahiesbidearen bigarren fasea (Ronda Sur), Via Irun edota etxebizitza arloan ere, Irun gune tenkatua izendatzeko eskaera egin duelarik, Eusko Jaurlaritzak hau onartu beharko du. Baina honetan ere, alkateak iragarri duen hiru urtetan 1.000 etxebizitza publiko aktibatzeko ekintza plana ere, Lakuak diruztatu beharko du gehiengo batean. 

Bestalde, EAJak aspaldi geldirik daraman Plaiaundiko atletismo eta errugbi kirol instalazioak Txenpereneara lekuz aldatzeko proiektua behingoz martxan jartzeko garaia dela iragarri du ere. Eta azken asteotan agenda politikoan Aski Da! kolektiboak piztu duen euskararen aldeko aldarriari negira, erabileran «Irungo kaleetan euskara entzun dezagun» ahaleginak egiteko prest azaldu dira jeltzaleak. 

Berez, gaur iragarri dutenez, EAJren esku izango baita hemendik aurrera Euskara arloa. Honekin batera, Segurtasuna eta Bizikidetza (Udaltzaingoa), Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, eta Obrak, Mantenu eta Azpiegituren arloak ere kudeatuko dituzte gobernu berrian.