Irungo Larreaundi-Olaberria auzo elkartea Auzoko Lokal berria estreinatu berri du, eta epe labur zein luzerako lanean jarraitzen du. Aste honetan jakinarazi dutenez, azken urteetan arrakasta lortu duten auzoko jaiak prestatzeko batzar irekia antolatu du otsailaren 5ean, 19:30ean, Iñigo de Loiola kaleko auzo elkartearen ohiko egoitzan.
Hiriko auzotako jaien itzulia estreinatu ohi du maiatzean Larreaundik, eta azken urteetan auzolanean eta bertako elkarte eta eragileen parte hartze aktiboari esker, programazioa indartzea lortu dute. Bide beretik, aurten ere jaietarako proposamenak jaso eta antolaketan parte hartu nahi duen orori zuzendutako batzar irekia antolatu dute.
Ipuin kontalaria asteartean
Bestalde, Auzoko Lokal berrian (Virgen Milagrosa kalean) kultur jarduera eta hainbat tailer antolatzen hasi dira dagoeneko. Auzo elkarteko ordezkariek iragarro dutenez, otsailaren 4an 17:30ean Haizea Loira Matxiñenak Behin batean Dantza artean saioa eskainiko du. Ipuin kontalari musikatuak proposatu ohi ditu Hazi Terapia Zentroko psikoterapeuta honek. Azken hilabeteotan, Bortzirietan ere Letrekin dantzan berak idatzitako liburuaren ipuinak kontatzen ibili da 3 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako emanaldi honekin.
Auzo elkartetik oroitarazi dute ez, ohiko auzo elkartearen egoitzan bilerak eta orain arte antolatu dituzten AEKren euskara ikastaroak, ingeles klaseak eta marrazketa tailerrekin jarraituko dute. Baina Auzoko Lokala izendatu duten espazio berrian, momentuz, halako ipuin kontalari saioak ez ezik, gimnasia, pilates, taichi eta haur eta gazteei zuzendutako errefortzu eskolak emango dituzte. Argitu dutenez, auzoko eragile eta norbanakoei bertan tailerrak eta jarduerak eskaintzeko aukera zabalik jarraitzen du. Informazio gehiago: www.larreaundiolaberria.org