Irungo Atsegiña elkartearen Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa osoki berritzeko proiektua 2017an hasi zuten, diru bilketa herrikoi batekin lagundutako erraldoien zaharberritzearekin. Hiriko kulturaren eta jaien parte garrantzitsua diren heinean, Irungo nortasunaren funtsezko ondare historikoa ondoko belaunaldiei baldintza onenetan uzteko helburua dute. Eta oraingoan konpartsa osatzen duten zortzi buruhandiak ere berritu dituzte.
Aldiz, erraldoiekin ez bezala, orain arte Irungo kaleak alaitu dituzten buruhandiek denboraren testigantza gisa gordeko dituztela argitu dute, adituek hauek zaharberritzea bideragarria ez zela ondorioztatu baitzuten. Hala, zortzi buruhandi berri egitea erabaki zuten. Gainera orain arte erabilitakoak konpartsaren jatorrizkoak ote ziren zalantza zuten. Elkarteak iragarri duenez, Irungo jaiak baino lehen aurkeztuko dituzte, hiriko jaien ondare baliotsua delako.
Izan ere, 1897an sortu eta, ustez, 1902an erraldoiekin batera Aquilino Rodriguezek Bilbon erosi eta Irunera ekarri ziren buruhandiak berreskuratzen ari dira. Izan ere, elkarteak dauzkan agiri zaharren arabera, jakin badakite 1937. urtean Gal familiak erraldoiak eta buruhandiak dohaitzan eman zizkiola elkarteari. Baina aurretik ere Bilbon ibiliak zirela argitu ahal izan dute garaiko zenbait irudien eta kartelen bitartez, eta handik ekarri zituzten.
Elkartearen ondarea «zaharberritzeko eta berritzeko prozesu historikoa» amaitutzat emango dute horrela. Oroitarazi behar da, erraldoien zaharberritze lanek 90.000 euroko kostua izan zutela, 20.000 euro erakunde publikoen laguntzarekin, baina gainerako 70.000 euroak Irungo Atsegiñarekin anaitutako beste elkarteen, diru bilketa herrikoi (crowdfounding) eta elkarteko 900 bazkideei esker lortu zituztela.
Irungo Atsegina elkarteak bere esentzia berreskuratzeko erabakia hartu du, eta figura berriak szortu ditu, bere estetika tradizionala errespetatuz. Erraldoien birgaitzeko lanak egin zituen Iruñeako Eskuartean tailer ospetsuari enkargatu diote lana oraingoan ere, eta jaietako irudigintzaren zaharberritzean adituak diren heinean, dokumentazio eta ikerketa prozesu zorrotza jarraitu dute.
Argitu dutenez, jatorrizko itxura itzultzeko asmoz, artisauak ahalik eta modu leialenean ari dira jatorrizko diseinuak kopiatzen, XX. mende hasierako irudietan oinarrituta. Bestalde, «buruhandiek askotan erraldoien aurrean bigarren mailan geratu direnak, konpartsaren barruan dagokien protagonismoa berreskuratu dezatela» nahi du Irungo Atsegiñak, tokiko folklorearen funtsezko zati bat direlako.
Buruhandi berrien aurkezpen ofiziala berezia izango dela iragarri du elkarteak, baina sekretupean gordeko dute momentuz, eta irundarrentzat ezusteko handia izango dela aurreratu dute.