Indarkeria matxistari etenpuntua idazteko azken deialdia egin du Asun Casasola Ipuin Lehiaketak

Koldo Nausia 2025ko urt. 31a, 13:10

Otsailaren 8an itxiko dute ipuin laburrak euskaraz zein gazteleraz entregatzeko epea. Orrialde bakarrean indarkeria matxistarik gabeko jendartea, edota gure gizartean errotik ezabatzeko beharra, orrialde bakarrean irudikatzeko lehiaketak 10. edizioa betetzen du aurten. Sari banaketa martxoaren 13an egingo dute Kabigorri ateneoan.

Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketak bere 10. edizioa du aurten. Hamarkada betean 5.000 ipuin baino gehiago jaso dituzte, betiere indarkeria matxistaren kontrako mezuak orrialde bakarreko ipuinetan jasotzeko helburuarekin. Baina bokazio horrekin sortu bazen ere, Asun Casasola omentzeko helburua ere badu, eta honek hasiera hasieratik babestu eta eskertu du ekimena.

Parean elkarteko Ainara Lopez, lehiaketaren eramaileetako bat da, eta Asunek urteotan guztiotan eramandako «borroka etengabea eredugarria» izan dela azpimarratzen du. 2008. urteko sanferminetan Jose Diego Yllanesek akatu zuen 20 urteko Nagore Laffage irundarra. Hiltzaileari 12 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion epaileak, baina 2011an espetxetik lehenengo irteera baimena jaso zuen, eta Zuerako espetxean zegoela, 2017 urterako hirugarren gradua lortu eta kalean zegoen. Irunen, aldiz, Nagore beti gogoan dago, eta Palmera Montero auzunean bere omenezko parkea izendatzeaz gain, ipuin lehiaketa honek urtero ohoratzen du Asun Casasolaren lan nekaezina. «Beti bat egin du gurekin, eta berak dio Irungo herriak ez diola inoiz bakarrik utzi, beti sustengatu duela, eta hori polita da», dio Ainara Lopezek. 

Asun Casasolak urtero ehundik gora hitzaldi eta bilera egiten ditu emakumeen elkarteekin, unibertsitate zein eskoletan, duen eskarmentutik pedagogia egin eta gizarte justuago bat, lortu nahian, indarkeria matxistarik gabekoa. Literatur sari xume honek ere, erronka berbera du. «Oso interesgarria da, ikastetxeetan gero ipuinak indarkeria matxistaren arazoa eztabaidatzeko eta lantzeko erabiltzen dituztelako», dio Lopezek. 

Literatura baino gehiago

Antolatzaileek diotenez, maila literarioa zainduz, baina lanek eragin dezaketen kontzientziazio lan pedagogikoa ere aintzat hartu dute urteotan, Euskal Herriko eskoletan deialdia luzatuz, eta gaia bertan landu dezaten bultzatuz. Aurten, besteak beste, gure eskualdeko Toki Alaia eta Txingudi Ikastolako ikasleek egindako lanak ere jaso dituzte. Hala ere, heldu zein gazte (2008tik aurrera jaiotakoentzat) kategorietan parte hartzeko deia luzatu dute berriz.

Izan ere, otsailaren 8an itxiko dute aurtengo lanak entregatzeko epea. Argitu dutenez, «oso martxa onean jaso dira lanak aurten, bereziki gazteleraz, eta mundu osotik heltzen dira lanak internetak eskaintzen duen oihartzunari eta erraztasunari esker». 

Azaroaren 25aren bueltan aurkeztu zuten aurtengo edizioa, eta indarkeria matxista bere ikuspegi zabalenean hartuta, gai librekoa da. Lanak orrialde bakarrekoak behar dute izan, 12 tamainako Arial letra tipoan eta espazio bikoitzarekin idatziak. Sarien banaketa ere, emakumeentzat morez markatutako martxoaren 8aren bueltan antolatu ohi dute. Eta aurtengoan martxoaren 13an egingo dute Irungo Kabigorri ateneoan.

Lehiaketaren xehetasunak, sariak eta baldintza guztiak www.asuncasasolaipuinak.eus atarian topatuko dituzue