Josu Cariñena Arbelaiz Irungo ezker abertzaleko militante historikoa zendu zen atzo 64 urte zituela. LGTBIAQ+ eskubideen aldeko borrokatzaile eta ikur izan zen, Izan ere, Irungo Udalari 1993an ortzadarraren bandera entregatu ziotenetako bat izan zen Cariñena Juantxo Quirogarekin batera, LGTBIAQ+ Harrotasun Egunean udaletxeko balkoian jartzeko asmoz.
Udalak uko egin zion urteetan egindako eskariari eta Urdanibia plazako Ospitale Zaharrean jarri izan zuten. Azken urteetan CBA Kulturgunean jarri izan du udalak, eta 2016an bandera berri bat entregatu zioten udalari, baina orduan ere, uko egin zion Jose Antonio Santanoren gobernuak hura ekainaren 28an udaletxeko balkoian zintzilikatzeari, ekainaren 28an, San Pedro eta San Martzial jaiak bete-betean harrapatzen duen Harrotasuna Egunean.
Antxeta Irratian hainbat alditan hartu izan du hitza kolektiboaren izenean Harrotasun Egunean ez ezik, erasoren bat eman izan denean. Baita Moskuko ostalarien izenean ere, jaietako txosna eta udalaren artean 2014an arazoak suertatu zirenekoan bezala.
Gazte gaztetatik konpromiso handiko aktibista izan zen kolektiboaren eskubideen aldeko borrokan. 1979tik 1999ra EHGAMeko (Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimendua) kidea izan zen, eta azken unera arte izan du harremana mugimenduarekin.
Ibilbide politiko eta soziala
Udalgintzan ere ibilia zen Josu Cariñena. Herri Batasunako (HB) zinegotzi karguan aritu zen 1987 eta 1992 urteen artean. ASK eta Irungo alardean emakumeen parte hartzearen aldeko BAE mugimenduko militantea ere izan zen. «Printzipio sendoetako pertsona» zela diote ezagutzen zutenek, eta «konprometitua».
Hazia herriko tabernan egin zuen lan eta bertako arduraduna izan zen 22 urtez, 2018an utzi zuen arte. Eta Moskuko Urdanibia plaza bere ingurua zuelarik, herri mugimendu eta mobilizazio anitzetan parte hartu zuen posible izan zuen guztietan. LGTBIAQ+ kolektiboarekin konprometitua ez ezik, Palestinaren askatasunaren aldeko ekintzetan ohikoa zen, baita euskal presoen eskubideen alde ere. Azken aldian, Txingudiko Pentsionisten Plataformak astelehenero San Juan plazan egiten duen kontzentrazioetan ere parte hartu izan zuen.
Azken agurra eman nahi dion orok, Anaka auzoko Tabisa Memoran dagoen beilatokian aukera du otsailak 11 honetan 20:00ak arte, eta asteazkenean (otsailak 12) 10:00etatik 12:00etara.