Espainiar Estatuko Gobernuaren Ministroen Kontseiluak Irungo Pequeña Velocidad pabiloiaren kontserbazioa ahalbidetuko duen erabakia hartu zuen atzo. Via Irun proiektuaren baitan, Irungo tren geltoki berriak Aduana kalean izango duen sarrerarekin lotuko dituen oinezkoen pasabidearen proiektua egokitu dute, Eusko Jaurlaritzak eta Irungo Udalak 2022an eskatu bezala. Guztira 7,7 milioi eurotara igoko da pasabidearen inbertsioa, aurreikusia zena baino 800.000 euro gehiago. Izan ere, pasabideaz gain, Euskotren topoa ADIFeko trenbidearen trazatuan integratzea ahalbidetuko du proiektuak. Ministerioak ADIF erakundearekin hitzartutako konbenioaren arabera, Irungo Udalak (%33,33), ADIFek (%33,33) eta Eusko Jaurlaritzak (%22,22) aurretik hitzartua zuten proiektuaren finantzaketa proportzio beretan hartu beharko dute haien gain.
Borondateen auzia
«Arrazoizko erabakitzat» jo du Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Irungo Nicolas Gerendiain memoria elkartearekin batera, 2018. urtean abiatutako borrokan «ate guztiak joka» ibili direla aitortu digu Peli Lekuona, Kepa Ordoki memoria elkarteko idazkariak. Pabiloia babestu eta memoria gune bilakatzeko eskaera egin zuten iada Kepa Ordoki elkarteko kideek 2022ko urrian, Via Irun plan bereziaren hasierako onarpeneko udalbatzan. Ondoren, urtebeteko moratoria eskatu zuten Nicolas Gerendiain elkarte errepublikarrarekin batera, Madrilgo Memoria Demokratikoaren Lege berria Euskadin onartu bitartean.
Eraikinari buruzko 300 orrialdeko ikerketa historikoa leku guztietan aurkeztu ondoren, «borondateen auzia» izan dela azpimarratu du. Borondate faltarena batetik, Jose Antonio Santano alkate zela Irungo Udalarekin bileran, «trenbide eremuko pabiloi guztiak eraitsi behar zirela oso garbi zeukatelako», eta ibilbide luze honetan «memoriak urbanismoari gailendu zaiolako azkenik, kasu egin digute».
Izan ere, Irungo Avenida zubia Memoria Demokratikoko Leku izendatzeko prozesua abiatu du espainiar Estatuko Gobernuak. Otsailaren 1ean egin zuten ekitaldi ofiziala zubian, eta bertan izan zen Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaria. Ekimenarekin kritiko agertu da Kepa Ordoki elkartea. «1939 urte arteko Espainiako gerla aintzat hartzen dute, eta historiaren pasarte asko baztertu dituzte, nazien presentzia edo Bidasoako Komandatzia hor kokatu zutela erbestetik zetozen herritarrak zein kontzentrazio esparruetara bidaliko zituzten erabakitzeko», dio Peli Lekuonak.
Hortaz, «Avenida zubia Oroimen Leku izendatzea eta Pequeña Velocidad eraisteak ez zuen ez hanka ez bururik» azpimarratzen du. Dena lotuta baitago. Hasieran frankismotik ihesean onartu zituen milaka erbesteratuak, Frantziak gero indesirable izendatu eta kanporatu zituenetako gutxienez 4.000 pertsona pasa baitziren Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrutik. «Irungo lau kontzentrazio esparru frankisten artean garrantzitsuena izan zen eta zutik mantentzen den bakarra, ez da Irungo historia kontu bat, estatu mailako babesa behar du», aldarrikatzen du.
Hurrengo urratsak
Zentzu honetan, orain pabiloia eraitsia izateko arriskua aldendu egin dela, bere horretan utzi beharrean, atondu eta Oroimen Leku lehenbailehen izendatua izateko beharra ikusten du elkarteak. «Ehun urte baino gehiago ditu eraikinak, eta 1992ko paperak ikusi ditugu bertan aduana itxi zen garaitik ez delako gehiago erabili», dio Lekuonak, «oso egoera kaxkarrean aurkitzen da, eta sendotu eta konpondu egin behar da beranduegi izan baino lehen».
Hasieratik aldarrikatu duten bezala, erreferentzia bilakatu daitekeen Memoria Demokratikoaren Interpretazio Zentro bat nahiko luke bertan.Egia, Aitortza eta Erreparazioa aldarrikatzen den garai honetan, Pequeña Velocidad hiriko oroimen historikoaren gunea bertan ezartzea eskatzen dute. Via Irun proiektuarekin bateragarria dela dio Lekuonak. Eta hau lortzeko bidean, Memoria Demokratikoaren Lekua izendatzeko, Irungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gogora Institutoari, lankidetzan aritzeko gonbidapena luzatu die Kepa Ordoki memoria elkarteak.
Elkarteko idazkariak aitortu digunez, azken urteetan memoria historikoan aurrerapausoak eman badira ere, oraindik asko dago egiteko eskualdean, «Irungo kontzentrazio esparruetatik pasa ziren milaka preso identifikatzeko lanean ari gara oraindik, eta ez dugu lan hori inoiz amaituko, baina nazien presentzia eskualdean, wolframio kontrabandoa eta beste hamaika istorio argitu eta ezagutzara eman behar ditugu oraindik».